Diskurtso hutsa

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2020ko mai. 29a, 08:52

Apur bat higuinduta nago gizarteari animoak emateko sortu dituzten iragarki pandemikoekin:

Aupa denda txikiak! Gora osasungintzako langileak! Zaindu familia! Koronabirusari esker begi-bistan geratu da zer den benetan garrantzitsua, baina aldarri hauek iragarki bihurtzean zentzuz husten dira.

Zeren, aizue:

1. (Aupa denda txikiak!) Garapena porlanez eraikitzen dela sinestarazi ziguten, gure ekonomiarentzako albisterik onena enpresa handien irabaziak zirela. Progresoaz gutxi ulertzen zuten lau katu ziren herrian merkataritza-gune handien kontra manifestatu zirenak, etxebizitza gehiago ez eraikitzea eskatzen zutenak, berdeguneak behar zirela aldarrikatzen zutenak. Eta gero, Durangon, paseorako lekurik ez.

2. (Gora osasungintzako langileak!) “Joe, ze txarto Estatu Batuetan! Han ez daukate osasun sistema eta gizarte-zerbitzu publikorik…” Bada, hemen ez ahaztu murrizketen sasoian gogor kolpatu zirela arlo hauek. Osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan prekaritatea existitu egiten da tamalez; galdetu, bestela, adinekoen egoitzetako beharginei.

3. (Zaindu familia!) Maite ditugunak babesteko bisitarik egin ezinik egon gara. Eta etxetik kanpoko zortzi orduko lana eta eskola kendu dizkigutenean ikusi dugu mundua ez dagoela prest zaintza eta lan produktiboa uztartzeko.

Etorriko dira hauteskundeak, eta entzungo ditugu berriz politikariak herritarren alde besteek baino gauza gehiago egingo dutela esaten. Kosta egingo zait sinistea, lehentasunak guztiz irauli ezean egoera gutxi aldatuko dela ematen baitu.

Hain garrantzitsutzat jo ditugun gaiak ez daitezela berriro bazterreko bihurtu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!