Gaur eta hemen, denborarekin harreman xelebrea daukagula esango nuke.
Nik 2020a planak egiten hasi nuen: lanean zer datorren pentsatu, agenda estreinatu eta egin beharrekoak errepasatu, batzar hauek ere izango ditut laster… eta bat-batean, stop. Jausi egin nintzen kalean, eta zutuntzen ausartu ez. Orkatileko hezur bat apurtu nuen, eta gutxienez sei astez eduki beharko dut igeltsua.
Egunerokotasuneko zurrunbilotik irten naiz. Itxaron beharko du haizeak; eramango nau hara eta hona berriro. Baina orain, geldi. Eta ingurukoek eta nik neuk gomendio hau neure buruari: “egin itzazu normalean denbora faltagatik egin ezin dituzunak”.
Geldi egonda, denbora galdu egingo dudala etorri zait burura —eta, ziurrenik, ideia hori berriro ere bueltatuko da igeltsua lagun dudan artean—; baina Amazoniako gizon harekin gogoratu naiz. Bai, denbora pasatu egiten da; ezin dugu galdu, ezin dugu aurreztu. Gu geu moteldu gaitezke agian, erreboluzioak jaitsi, eta, inguruan, erreka zabal bat, liburu on bat edo jende maitagarria izanda, zergatik ez erlojuak tarte baterako ahaztu?