Esango nuke, herri zatitu eta eder honetan, txikiak garela sinestuta hartzen direla erabaki asko. Eta, diotenez, gaitza da emaitza berririk izatea tortilla beti errezeta berarekin prestatuz gero.
Beraz, bai, txikiak izango gara eta txiki izaten jarraituko dugu telebistan audientzia handiagoa emango diguten hiztunei begira bagaude; txiki, gure herria handitzeko formuletako bat entitateen izenak eta kanpainak ingelesez sortzea dela sinesten badugu.
Harro egongo gara Europan izan den bigarren telesailik luzeena izan zelako Goenkale, eta beste behin elkarrizketatuko ditugu orduko aktoreak ETBn, telesail berriak filmatu ordez. Txikiak izango gara, bai, euskara eta gure kultura biziberritzeko lanean dabiltzan ehunka sortzaile eta profesionalen lana aitortu beharrean, euren artean konpetitzera eta prekaritatera kondenatzen baditugu.
Eta, bitartean, gurean, geuk egin ezean beste inork sortuko ez dituen proiektuak jaiotzen dira:
Gurean, Zu Zeu atariko lagunak eta Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea istorio ederrak eskaintzen hasi zira podcast edo audio bidez Euskal Gaizkileak izeneko seriean; gustura entzun dut Martin Larralderi buruzko kapitulua. Gure herri honetan, antzezlanak sortzeko, hiru antzerki taldeko tandem zoragarriak egiten dira. Hemen, hausnarketarako gaitasun itzela dago, eta, esaterako, batzuk lanketa handia egiten ari dira ikuspuntu feministatik bertso mundua aldatzeko.
Izan ere, batzuek oraindik sinesten ez duten arren, gure tamainan, handia da egin dezakegun guztia.