Arnasa

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2019ko mar. 15a, 08:30

Lagun bati esan diot ez nekiela Anboton zertaz idatzi; Martxoaren 8ko grebaz gustura idatziko nukeela, baina tarteka gaia handi geratzen zaidala uste dudala, eta ez dakidala orain arte esan ez den zerbait esateko gai naizen.

Aholkatu dit nire bizipenen inguruan idazteko, edo Elorrion dagoen zoramenaz; ea ikusi dudan eguen honetarako, adibidez, sei ekitaldi desberdin egon direla antolatuta.

Esan diot desherritzen nabilela ni, gero eta gutxiago egoten naizela Elorrion; Martxoaren 8an ere nire bigarren herri bihurtzen ari den herrian izan nintzela, bertako emakumeekin.

Egia esanda, bai nire lagunak eta bai nik, ez dugu denborarik izan eguenean antolatuta zeuden ekitaldietako batera ere joateko. Bateko lana, besteko konpromisoa, nahiko topera gabiltza beti. Mundua konpontzeko zerbezatxo bat elkarri prometitu bai, baina gura baino gutxiagotan hartzen dugu tarte bat lasai egoteko.

Hasi zen urtea, eta badoakigu, ia igarri barik, guztiz udaberritutako negua. Dirua gure denborarekin ordaintzen dugu, eta asteburuaren zain, oporren zain, egoten gara maiz, produktibitatearen zurrunbilotik arnasa hartzeko unea noiz helduko. Emakume askok joan den barikuan eduki genuen arnasa ganoraz hartu, elkarrekin berba egin eta indarberritzeko aukera. Horrelako ariketak gehiagotan egin, eta eman diezaiogun garrantzia benetan daukanari; jar ditzagun bizitzak erdigunean, oparitu dagiegun denbora gure ingurukoei eta geure buruari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!