Besteen iritziak

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2019ko ots. 1a, 08:30

Entzun dut pertsona batzuei ez zaiela gustatzen Elorrioko plazatik pasatzea; pasarela bat da eurentzat plaza, jendeak besteei buruz berba egiteko epizentroetako bat.

Badirudi beste pertsona batzuez inguratuta bizitze hutsagatik kontratuan sartuta daukagula bata bestearen bizimoduaz berba egitea, iritziak ematea, epaitzea.

Nerabezaroa ei da garairik txarrena: gure gorputza garatzeaz batera identitatea garatzeko sasoia, talde presioa, bullynga. Ezinean zabiltza eskolan? Txarto. Erraztasunak dituzu eta gelan parte hartzeko gogoa? Hori ere txarto. Argalegi? Lodi? Txarto, laster konturatuko zara filmetan gorputz eredu bakarra baino ez dela existitzen.

Besteen iritziak, gehiago edo gutxiago, bizitza guztian eragiten digula esango nuke. Azken batean, ezagutzen ditugun pertsonek zeresana dute gure nortasunean: nire lagunentzat oso serioa banaiz, pertzepzio hori izango dut neure buruaz; nire irakasleek ikasle txarra naizela sinisten badute, neuk ere sinistuko dut hala dela.

Eta horrela, guraso berriei mundu guztiak ematen die iritzia umeak hezteko moduaz; sare sozialetan argazkiak igo eta gero “atsegin dut” asko jasotzea autoestimurako txute nagusietako bat bihurtu da; pasioz gai baten inguruan berba egiten duenari frikia edo flipatua deitzen zaio; nik, neure burua feministatzat izan arren, emakume batzuen erabakiak kritikatzen ditut, niretzat desio dudan askatasun hori eurei mutilatuz.

Denbora gutxiago pasatu beharko genuke besteek izan dezaketen iritziaz pentsatzen; denbora gutxiago besteak gure pulpitotik kritikatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!