Hortxe-hortxe gabiltza. Eskualdean 10 herritarretik 7 gara euskara ulertzeko gai, eta kale erabilera neurtu izan denetan, %22-%34 arteko datuak irten dira. Elorrion, eguazten honetan entzun ditugu aurten egindako neurketaren emaitzak. Duela bost urtetik hona, egoera apur bat hobetu da; %33tik %34,2ra igaro gara, eta bueno, badirudi astiiiiro-astiiiiro bagabiltza euskara pizten.
Belen Uranga soziolinguistak kontatu digunez, igoera horretan umeek eta emakumeok izan dugu eragina. Guk egiten dugu euskara gehien, nahiz eta umeen portzentajea apur bat bajatu den. Beste datu adierazgarri bat ere eman zuen: umerik egon ez denean, elkarrizketen %22,7 izan dira euskaraz; umeak tartean izan direnean, berriz, %58. Euskaraldian parte hartuko dugunon artean –16 urtetik gorakoon artean–, beraz, 10 elkarrizketatik 2 eta piku dira euskaraz.
Bai, beharrezkoa da zerbait egitea hizkuntza ohiturak astintzeko; beharrezkoa da gazte, heldu eta nagusiek gai honi indarrez heltzea. Ezin dugu “umeek egingo dute” esan; guk zeresan handia daukagu. Gure osteko belaunaldikoei euskara transmititu gura diegu, baina, horretarako, guk geuk erabilgarri eta gozagarri bihurtu behar dugu euskara.