“Amesetan moduen”

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2018ko ira. 21a, 08:30

Amesetan moduen. Gure etxean esaldi hori sarritan entzun dut egun arraro horietako baten; adibidez, oporretan kanpoan ibili eta gero etxera bueltatzerakoan. Goizean paraje haietan genbiltzan oraindik, eta gaur hemen gaude, betiko lekuan. Hau gertatu da? Ezagutzen duzue sentsazioa, ezta? Ezusteko bat ere izan daiteke, espero ez genuen zerbait gure egunerokoan. Abentura bat izan daiteke, edo istripu bat.

Gurean, joan den domekan sustoa izan genuen aita mendian jausi zenean. Ederto dago bera -gogorra da, gero!-, baina egun hura benetan ametsetakoa izan zen. Abentura ere bai, gaurko begietatik ikusita, helikopteroan eroan behar izan zuten-eta Galdakaora. Hori ere ikasi genuen: horrelako istripuren baten buruan kolperen bat hartuz gero, ez da mugitzea komeni, eta protokoloa aktibatzen da menditik helikopteroan ospitalera eroateko.

Zorionez, ospitalean probak egin, dena ondo zegoela ikusi, eta iluntzean etxera bueltatu ginen denok. Kotxean bueltan ginela, zelan zegoen galdetu eta “amesetan moduen” erantzuten zuen aitak.

Bada, amets hori ondo amaitu izana inguruko jende pilo bati zor diogu: Besaide Egunean itzela izan zen aitak eta ingurukook jaso genuen laguntasuna eta babesa. Erdella mendizale taldeko lagunak, Gurutze Gorrikoak, osasungintzan dabiltzan herrikideak, gertuko lagunak, ezagunak, erreskate taldeko ertzainak, medikuak… Denon partez, eskerrak eman gura dizkizuet zuen ardura eta laguntasunagatik. Horrelako egunen ostean elkartasunez betetako herria ez da ametsa, errealitatea baizik. Eskerrik asko!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!