Eta, horrela, astero-astero sexu eraso eta bortxaketen inguruko albisteak irakurtzen ditugu. Haserretzen gara, sumindu, barrua pizten zaigu. Gertatzen dira, batzuk epaitzen dituzte, fidantzapean askatu, eta hemen, antza, ez da ezer gertatzen. Sua.
Sumindura edo indignazio hau ez dakit gizon lerdoengana zer eratan helduko den: ikusten dituzue kaleak beteta? Entzuten dituzue danbor hotsak, oihuak? Zer sentitzen duzue? Akaso zuen zakilaren bueltan egiten du bira munduak, plazera albokoa zapalduz lortzeak eszitatzen zaituzte?
Eta emakumeak zer? Ez dira pertsonak? Ez pentsatu zuen ama, arreba edo alabengan; sarri entzun dut diskurtso hori, eta ez dit balio, ez izan paternalistak. Pentsatu zuek bezalakoxe pertsonak direla parrandan irten diren horiek, zuek besteko askatasuna dutela ondo pasatzeko, plazera lortzeko, eta ezetz esateko. Esaten dute belaunaldi frustratuak direla gaurkoak, ezetza arlo guztietan onartzea kostatzen zaienak. Bada, egin ditzagun masterrak.
Badatoz berriro sanferminak. Eta udako milaka jai. Haserre honek duen energia guztia baliatu dezagun geure burua indartzeko, lozorroan ez egoteko, askatasuna aldarrikatzeko eta etor litezkeen manada berriei haginka egiteko.