Gure belaunalditik, eskerrik asko

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2018ko urt. 19a, 08:30

Negutegia gure ikastolako txoko kuttunetako bat izan da beti; begiak itxita, hango usaina eta beroa datozkit gogora. Familian baserririk eduki ez dugun kale-umeok hantxe hartu genuen atxurra lehenengoz. Gogoan dut bertan hazitako espinaka bat etxera eroan nuen lehen aldia.

Patiora eroan nau oroitzapen horrek, eta sanblasetako opilak egiten ikusi dut neure burua. Ikastolako ikasle guztiok hantxe, ekin eta ekin. Gero etxera eroaten genuen jateko; apur bat gogor geratuta ere, hura zen munduko opilik gozoena!

Eta etxera eroan genituen gure eskulan ederrak; karpetazalak; amantalak barikuetan; seme-alaba gazteenok txintxo-txintxo etxera eroan beharreko oharrak (“zorriak ikastolan!”); egunean zehar trukatutako Son Gokuren kromoak; teknologiako proiektu txapuzeroak...

Asko jaso dugu ikastolatik, bai, bizipen ugari eman dizkigu Txintxirrik. Gure belaunaldia, horretan, berezia izan da. Domeketan lagunekin zinera joaten hasi ginen garaian, ikastolak bere krisi gogorrenetako bat bizi izan zuen. Orduko umeok irakaspen berezia jaso genuen; urteka barik zikloka jarri ginen gelan, eta ikastola oso gure sentitu genuen. Irakasle eta gurasoak ikastolaren alde arduraz eta ilusioz ikusi genituen lanean, batzar luzeen ostean berandu etortzen ziren etxera, eta guk ere lagundu genuen barikuetan gelak garbitzeko txandak egiten.

Txoko honetatik lan hori aitortu gura nuke; itsaso zakar hartan arraun egin zenutenon lana; ama, aita, irakasle, langile. Ikastolak 50 urte bete izana zuei esker ere izan da. Eskerrik asko, benetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!