Ez hango ez hemengo

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2017ko abe. 22a, 08:30

Sustraiak atzean utzi eta Elorriora bizitzera etorri diren pertsonei buruzko dokumentala eman zuten pasa den barikuan Arriolan. Labur egin zitzaigun askori; gustura egon ginen herrikideen bizi esperientziak entzuten.

Nikaraguako Adacek esaten zuen ez dela erraza sorlekua utzi eta beste herri baten zure identitatea sortzen jarraitzea; sorterrian umezaroa eta nerabezaroa eman eta gero, zure kultura eta maite duzun jendea atzean uztea. Orain beste nonbait zaude, eta bertakoentzat ez zara betiko zu; kanpotarra zara.

Eta hemen oso desberdina da dena. Saiatzen zara hemengo jendea ezagutzen eta bertako ohituretara moldatzen. Baina ezin duzu zarena ahaztu, hori eraikitzen pasa baitituzu urteak. Dokumentalean Marthak azaldu duenez, Kolonbiara itzuli denean jada ez da hain hangoa sentitu. Han zituen harremanak ez direlako lehengo berdinak, bakoitzak bere bidea egin du. Hemen, handik etorritakoa zara; han, handik joandakoa.

Galdetu diete ea inoiz bueltatuko diren sorterrira. Senegaleko Awaren erantzuna gustatu zait. Ez daki. Ez dakielako bihar zer gertatuko den. Alaba bi ditu, eta argi du eurekin egongo dela. Eta alabek hemen dituzte lagunak, hemen ari dira euren nortasuna eraikitzen; beraz, amak dio ez duela uste bueltatuko direnik, ez duelako gura bere alabek berak bizi izan duen erdi bitarteko egoera hori bizi dezaten.

Maitasun istorioak iruditu zaizkit. Adacek ere hala esan du, maitasun arrazoiengatik migratzen dutela migranteek. Berak egin duen bezala, bikotekidearen herrialdean bizitzeko migratu dezakete; edo familiarentzat etorkizun hobe bat bilatzeko; edo erbestera jo gatazkatik ihes, sorterriarekiko eta bizitzarekiko berarekiko duten maitasunagatik. Zorterik onena izan dezatela euren bidean.

(Lotura honetan duzue dokumentala ikusgai).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!