Erabakiak

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2017ko eka. 23a, 08:30

Gogoan dut 18 urte bete aurretxoan zelako dilemak izan nituen ikasketak erabakitzerako orduan. Bertigoa nuen, handia ei nintzen jada, zer izan gura nuen jakin beharko nuen, baina buf, a zer krisia!

Trantze hartan bakarrik ez, gerora ere makina bat buelta eman dizkiot neure buruari erabaki bat hartu aurretik, beti zalantzekin. Amari sarri entzun izan diot “ez dakit” dela gehien errepikatzen dudan esaldietako bat.

Onartu behar dut gauzak argi dituzten pertsonei inbidia apur bat diedala. Apur bat baino gehiago, beharbada. Ausartak dira niretzat. Hala ikusten ditut motxila hartu eta bidaia handi bat bakarrik egitera animatu diren lagunak; beste herri batera bizitzera itxuraz “erraz” joan den jendea; urte luzez iraun duen bikote harremana amaitzea erabaki duten pertsonak; guraso izatea erabakitzen duten gertukoak.

Baina suposatzen dut erabaki horien guztien atzean hanka sartzeko beldurra ere egongo dela.

Halakoetan -batez ere aholkuak ematen nabilenean, ez aholku premian nagoenean- askotan gogoratzen naiz UEUko ikastaro baten Gotzon Carcar irakasleak esaten zigunaz. Hark esaten zuen ez dagoela erabaki txarrik; erabaki bat hartzerakoan esku artean dugun informazioaren arabera jokatu ohi dugula, eta guretzat egokiena den bidea hartzen dugula beti. Gero, erabaki horrek ez badu esperotako emaitzarik izan, ez genuke geure burua zigortu beharko; orain lehenago ez genuen informazioa dugu, eta datu berri horiekin, egoera berri horretan, beste erabaki batzuk hartzeko gai izango gara.

Lasai, beraz; bide estuena ere aurrera doa. Esango dizuet hurrengo bidegurutzera heltzen naizenean ea zer.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!