10…“Zer, laburbidea hartuko dugu ala?”; kirolean oso onak izan ez garenok Korrika Txikian ere tranpak egiten genituen. 11… Gaztetxeko aldapa gogorra da! 12… Eider irakasleak erdi umorez erdi errietan esan digu bere aitak gure gelako batzuk ikusi zituela, testiguaren zain, erdara hutsez berbetan.
13… emozionatu gara, eta herri irteeraraino jarraitu dugu. Apurka-apurka atzean geratu gara, oso atzean, eta adarra jo digute Korrika amaierako autotik. 14… hura ere bai, gu ere bai, ni ere bai…15… lehen aldiz lekukoari HELDUta, Korrika barrutik bizitzen… 16… parranda usaina du Korrikak, Gasteizen ere izan gara!… 17… gauez ohetik altxa eta oilo narruarekin batu gara pelotoira… 18… Gidatzen, alboko karriletik ikusi ditut aldapan gora, zein argazki ederra!... 19… testigua euripean, eta hainbat metro iraun duen irribarrearen agujetak… 20… Hasiera etxetik gertu, Otxandion, historikoa!
Soziolinguistek diotenez, euskararekin lotutako bizipenak eta emozioak garrantzitsuak dira euskaraz bizitzeko pausoa emateko. Horrek ez du esan gura Korrikaren baikortasuna magikoa denik; arineketan doazen guztiak ez dira euskaraz biziko, gaitasuna eduki arren ere. Ez dakit barruan zer sentituko duten, baina nik euforia sentitzen dut. Eta behar dugu euforia apur bat, bizipen eder horiek behar ditugu, euskararena oztopo-lasterketa dela une batez ahazteko bada ere.