Metro karratua

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2016ko urr. 21a, 08:30

Mundua konpontzeko elkarrizketen tonuan, hauxe esan zidan lagun batek behin: “Ondorio batera heldu naiz; alperrik gabiltza ingurua euskalduntzeko energia gastatzen. Euskaltzaleok gure ghettoan batu beharko genuke, berau zaindu, gure artean ume asko eduki, eta listo”.

Ateraldiari barre egin nion. Baina bai, ni ere sarri sentitu naiz ghetto horretan, gure burbuilan, gure metro karratuan.

“Ezin badut mundua aldatu, metro koadro bat aldatuko dut”. Ideia hori Metrokoadroka sormen laborategikoei entzun nien behin. Ederra da. Gure ingurua moldatzen hasteko indarra eman dezake. Mundua ez, baina mugitzen garen metro karratua bai, aldatu dezakegulako; hortik hasi, behintzat.

Baina klaustrofobia apur bat ere ematen du horrek. Hain zaila da besteen metro karratuetan eragitea?  

Nik neuk euskara inposaketarekin lotzen dutenen metro karratua aldatu gurako nuke. Gure hizkuntzaz gozatzetik urrun dabiltzan horien burbuiletara kuku bat egin.

Eta antzera beste gai askorekin. Aldatu gurako nuke taldean neska bat bortxatzea dibertigarria iruditzen zaienen metro karratua. Eta gerretatik ihesi datozen pertsonak mehatxu direla uste dutenena. Baita diru eta botere gehiago edukitzeko edozer egin daitekeela uste dutenen metro karratua ere.

Metro karratu horietara guztietara sartzeko, gure inguruan ordaindu bako lan asko egiten da. Sentsibilizazioa, kontzientzia, kanpaina… hiztegian horrelako berbak dituen jendea dabil tartean.

Ozen berba egiten jarraitzea izango da gakoa, agian, besteen burbuiletara hitzon oihartzunak heldu daitezen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!