Gure lanaz

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2016ko ira. 9a, 08:30

“Ziurrenik ez duzue ezer sakonean landuko, ez zarete aditu bihurtuko, baina denetik ikasiko duzue”. Kazetaritza ikasten hasi aurretxoan horrelako zerbait esan ziguten Leioako fakultatean. Kazetari lanetan nenbilela, sarritan etorri izan zait momentu hura gogora.

Gerora ikasi genuen ez zegoela kazetaritza objektiborik, hori ez zela existitzen, eta ahalik eta zintzoen jokatzea gure esku zegoela. Eta hori izan da, zintzotasun falta, kazetaritza egiten dutenengandik gutxien gustatu izan zaidana.

Esku artean duzun astekari honetan hainbat urte egin eta gero, kanpotik nabil orain idazten. Esan diezazuket, irakurle, Anboton kazetari izatea esperientzia ederra izan dela niretzat. Komunikabide txikia da, bai, baina Durangalderako eta euskararentzako garrantzitsua dela sinistu izan dut urteotan, eta horrela pentsatzen dut orain ere.

Herri txikien berri ematea, jende nagusiarekin zutabe honen alboko elkarrizketarako berbaldi luzeak edukitzea, pleno luze-luzeak “jatea”, herriko jaietan argazkiak ateratzea… Izerdia, ardura eta gozamena bizi izan ditut Anboton. Momentu historikoak ere bai; Gure Esku Dagoren giza-katea grabatzea edo Arkaitz Bellonen heriotza osteko egun triste haiek tartean. Asko ikasi dut.

Anboton gure eskualdearen historiaren  zatitxo bat idazten ibili garela esan daiteke, ez da horrela bada? Kazetariak oso kritikatuak izaten dira sarri gurean, eta batzuetan arrazoi guztiarekin egingo da kritika hori, baina lerro hauetatik kazetari txikien lana aldarrikatu gura dut. Txikiak izanda ere, gauza handia egiten duzue!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!