Mugikorra kargatzeko entxufe bila

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2016ko eka. 3a, 10:05

Pertsonen arteko harremanetan itzeleko iraultza eragin dute telefono mugikorrek. Momentu oro lokalizatzeko moduan gaude orain, eta mugikorraren erabilerak dakartzan arriskuei buruz sarri egiten dugu berba: bikote harremanetan egon daitezkeen kontrol jokabideak, ikaskideen arteko bullying mota berriak... Azken asteotan, mugikorrek izan dezaketen erabilera onenetako baten berri izan dugu Kainaberako hitzaldietan: errefuxiatuentzako helduleku oso garrantzitsua dira. Apurtu duten iraganarekin lotuta jarraitzeko eta euren bidaian pausuak emateko tresna ezinbestekoa izaten dabil mugikorra.

Horrela kontatu digute Salvamento Maritimo Humanitario elkartekoek. Turkiatik Greziara iristerakoan, pertsona askok mugikorra erakusten dutela. Bai, errefuxiatuek mugikorrak dauzkate, eta batzuek, gainera, mugikor garestiak ere bai. Bidaia hori egiteko aukera izan badute, dirua dutelako da; beste askok ezin izan dute herria utzi. Bidaia egiten "laguntzeko" mafiek lapurreta egiten diete, turistek ferryz 15 eurotan egingo luketen bidaiagatik 1.000 euro kobratzen dizkiete, justu-justu flotatzen duen txalupa baten sartu aurretik.

Auskalo non hasi eta auskalo non amaituko den bidaia bateko zatia da hori, itsasoz Greziara edo Italiara heltzeko egiten dutena. Horregatik dauka garrantzia euren familiarekin kontaktatu ahal izateak; herrian utzitako amari "ondo nago" esan ahal izateko, zu baino arinago bidaia hasi duen lehengusuari ze bide egin duen galdetzeko... Helduleku bat izateko, azken finean. Komunikazioa oso garrantzitsua baita itxaropena mantentzeko.

Chiosen entxufe ilara handi bat egoten dela esan digute, mugikorrak kargatu ahal izateko.

Ez daukat zalantzarik. Gu ere, mugikorra eta kargagailua estu-estu hartuta irtengo ginateke erbestera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!