Amelia Barquínek bere blogean idatzi duen artikulu batek eman die berba egiteko gaia Euskadi Irratiko tertuliakideei: "Tus padres son un poco pesaos con eso del euskera, no?
Pentsatzen jarri naiz, eta nire gurasoak ez dira bereziki astunak izan "egizu euskaraz" esaten. Agian behar handirik ere ez dute izan, umetatik erderaz egiteko joera gutxi izan dudalako, eta nerabezaroan ere, ez nuelako gaztelaniaz askorik egiten.
Ez, horrelako agindurik ez dut jaso izan, baina euskarari buruz asko egin da berba gure etxean. Amak "bai, kalien ikusi dotsut" entzundakoan, askotan zuzendu gaitu "ikusi zer? eperdixa? ikusi zaitxut!" esanaz. Eta beno, errieta txiki horrek, errieta formatua izaten bazuen ere, lagundu dit ulertzen euskaraz edozelan berba egitea ere ez dela kontua. Hori bakarrik ez. Amak lantzean behin bere umezaroan Ibarrurin jasotako berbak "praust" ekartzen ditu gurera, urte askoan gordeta eduki eta gero, eta horrek elkarrizketa ekartzen du atzetik: "Ta berba hori, ama?" "bai, gurien amamak-eta holan esaten eben beti". Euskararen aberastasunaz maitemintzen hasi eta kuriositatea pizteko balio izan didate horerlako elkarrizketek.
Bai, etxean zorte handia izan dut. Eta gutxitan esan didate "egizu euskaraz". Entzun ditut, baina, gurasoak euren artean hizkuntza ohituren inguruko elkarrizketak izaten: "bai, harek oso ondo daki, baina ez dakit ba, baserriko jente askok lotsia eukitzen dau gero euskeraz berbetako" "beste haregaz erderaz ibili za ta, zelan ba?", "joeria dauko harek, itzela eta, jarritxu azkenien nik be...". Eta horrela, etxean entzundakoetatik ikasi dut. Ikasi dut gurasoen belaunaldiak lan handia egin zuela gure ikastolak aurrera egiteko eta seme-alabok euskaraz ikasi ahal izateko. Eurek ez dute irakurtzeko eta idazteko erraztasunik, baina ahalegintzen dira, eta hori gura izan dute guretzat; euskaraz trebatzea, orain, aukera guztiak ditugun honetan, euskaraz bizitzeko.
Eskerrik asko ba, bihotz-bihotzetik!!