Distantzia txikian, kilometro asko

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2016ko urt. 25a, 16:34

Duela hilebete pasatxo, adurra neriola egon nintzen Josu Iztueta bidaiari tolosarraren hitzaldi bat entzuten. Abentura asko bizitako gizona da Iztueta, eta hemendik milaka kilometrotara bizitakoak kontatzeaz gain, bertokoa, Euskal Herrikoa ere, asko baloratzen zuela azaldu zigun. Hemen itzeleko zortea genuela esaten zuen; oso distantzia gutxian, paisaia oso desberdinak bisitatzeko eta gozatzeko aukera daukagula. Ordu eta erdian Bardeetako desertura joan gaitezke, Pirineoetara ere bai; itsasoa bertan daukagu, eta basoz betetako mendiak ere bai. Herri txiki honetan, baina, dena gertu eduki arren, distantziak markatzeko ohitura handiegia ez ote dugu? Mugak ezartzekoa, zatitzekoa?

Berrehun kilometro ez dituen autobide baten Iurretatik Zarautzera joateagatik 10 euro ordaintzen ditugulako diot hori. Eta alboko probintzian atez atekoagatik eta bosgarren edukiontziagatik muturka dabiltzan artean, gurean oraindik organikoa birziklatzeko aukerarik ez dugulako. Mugak bai, administratiboak, lurraldeetakoak, politikoak... Kanpazar gainean elur makinak buelta erdia ematen duen herri honetakoak.

Eta horrela, herri txiki honetan, dena bikoiztuta eta laukoiztuta daukagu. Eskerrak laster AHTak denok komunikatuko gaituen!! Lurra zatitu, lurtarrak batzeko! Momentu horren zain ote dabiltza garraio txartelak bateratzeko?

Kultura "bizikidetza" bultzatzeko tresna moduan irudikatu gura dute orain, Donostiko hiriburutza dela eta ez dela. Bizikidetzaren kontzeptua, erabiliaren erabiliaz, maiztu (amak horrela esaten du gastatu gurean) egingo ez ote dugun sumatzen dut. Maiztu, eta hustu. Kidetza hori gure ideosinkraziatik hurrun egoten delako sarritan. Ohituegi gaude proiektu bat bere sustatzailearen arabera ontzat edo txartzat jotzen. Zer egiten den barik zeinek egiten duen, horri begiratzen. Eta ideia hau niri barik zuri otu zaizunez, ideia hori txarra da, eta punto. Eta bai, herri txikia gara, batak bestea elkar ezagutzeko moduko tamaina dauka gure herriak, baina horrek ez du esan nahi kide sentitzen ditugunik ingurukoak. "Etorkizunerako herri hobea lortzeko lana" barik, interes politikoak daude hemen, barra-barra.

Josu Iztuetak arrazoia du, bai. Ez dago hurrun joan beharrik errealitate desberdinak ezagutzeko. Iritzi desberdinak entzuteko ere ez, eta albokoarena ona bada, kopiatzeko konplexurik ez genuke eduki behar.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!