Euskararen aldeko jarrera daukan jende asko dago nire inguruan, eta uste dut zorte handia daukadala ingurune hori izateaz. Etxean, lagunartean, lanean... esparru gehienetan euskaraz bizitzeko aukerak dauzkat, eta gainera, oso kontzientziatuta dagoen jendea ezagutzen dut. Zirkulo horietan, sarri, oso ezkor egiten dugu berba euskararen egoeraz; erabilera gura baino baxuagoa dela, jakin arren askok ez duela ohiturarik hitz egiteko, gu ere euskañolez gabiltzala askotan... Bada, euskararen osasunagaz baikor izaten laguntzen didan kontu bat da Berbalagunena.
Arrazoi bategatik edo besteagatik, nire moduko ingurune euskalduna izan ez duten lagunekin izaten dut astean behineko hitzordua. Hasi aurretik hainbat zalantza neuzkan: zertaz berba egingo genuen? euskararen zuzentasunari buruzko zalantzei erantzuten jakingo ote nuen? berba egiterakoan zelan jokatu behar ote nuen; akatsak zuzentzen? Ba uste baino sinpleagoa eta errazagoa izaten da dena. Berbatiak dira Berbalaguneko lagunak, eta gauza interesgarri askori buruz berba egiten dugu. Zalantzak izaten dituzte, baina konplexuak galtzen joan dira, eta denok laguntzen diogu elkarri, gauzak esateko modu desberdinak proposatzen. Eta ordua arin pasatzen da.
Euskaraz naturaltasuna lortu gura duten lagunak dira Berbalagunekoak, eta igartzen diet gero eta lasaiago egiten dutela berba, hanka sartzeko beldur gutxiagorekin. Prozesu horretan bidelagun edo berbalagun izatea plazerra da niretzat.
Eurei, egunerokotasunean, gero eta esparru gehiagotan euskaraz lasai hitz egiteko aukerak desio dizkiet.
Eta Berbalagunen hasi edo ez zalantzan zaudeten denoi, animatu! Merezi du, benetan.
P.D: Bideo ederra ikasturte hasierarako prestatu zutena. Aupa zuek!