Ez dakit ados zaudeten ala ez, baina definizio hori, gaur egun eta zoritxarrez, honela laburbil genezake: dirua munduko motorra da. Pentsa ezazue, gaur egun, zer gertatuko litzatekeen zuen etxe, zuen poltsiko eta bankuko dirua agortuz gero; gehienok ez dugu baratzerik edo animaliarik, gehienok alokairuan edo hipotekatutako etxean bizi gara, beraz, gehienok kalean eta janaririk gabe geratuko ginateke; erlazio erraza, eta “hori betidanik ezagutzen den zerbait baino ez dela” esango duzue, “ondokoari gerta dakiokeen zerbait baino ez da”… bueno, gertatzen ari da, egunero familia osoak kalean geratzen ari dira eta pandemiak zerikusi handia izan du horrekin. “Dirua ordaintzeko orokorki onartutako bitartekoa da”, gizarte gisa dagoen egoera onartzen dugu eta ez dugu ezer aldatzen. Zer gertatuko litzateke dirua beharrean, ogia erosteko 200 gramo irin erabiliko bagenu? Edo astero zaharren egoitza batean ordu batzuk lan egingo bagenu alokairua ordaintzeko? Ez dakit, baina oso beharrezkoa da zerbait egitea, dirua baino, “gu” munduko motorra bihurtzeko.