Jakingo duzuenez, ezkontzak, baita beste hainbat gauza ere, negozio bihurtu dira. Zenbat enpresa egongo ote dira Bizkaian ezkontzak antolatzeaz arduratzen direnak. Eta ez hori bakarrik, enpresa horiek batzuetan lekuaz eta janariaz arduratzen dira soilik; eta argazkilariaz eta dekorazioaz, musikaz eta abarrez arduratzen diren beste ehun enpresa daude.
Hala ere, ezkontzetako zailena ez da antolaketa prozesu hori guztia, baizik eta ezkondu ahal izateko beharrezkoa den dokumentazio guztia lortzea. Azkenengo eskakizun hau are eta zailagoa da ezkontzen diren pertsonak nazionalitate ezberdinekoak badira. Nire txanda da prozesu luze eta harritsu hau bizitzea. Hala ere, inork ere ez dit egunero dudan irribarrea kenduko.
Badakit askok ezkontzak kritikatzen dituztela, baina, nire ustez, batek ezkontzeko duen arrazoia oso garrantzitsua da: zure bikotekidearekin, familiarekin eta lagunekin egun ahaztezina pasatzeko asmoarekin ezkontzen zara ala egiten duzun guztia besteek gauza bera egiten dutelako da, eta Instagram-en eta Facebook-en argazkiak igotzeko?