Lana hasi baino lehen, orain dela urte askotik hona entzuten den “opor osteko sindrome"-ari buruz pentsatzen hasi naiz: “Agian sindrome hori izango dut nik ere?”, “existitzen al da?”. Horren ondorioz, ikerketa txiki bat egin dut. Zenbait zientzialarik diotenez, Madrilgo Unibertsitate Psikologia Fakultateko adituek kasu, “opor osteko sindromea” ez da gaixotasuna. Hala ere, beste aditu batzuek, ikerketa sakonak egin ondoren, Espainiako biztanleen %35ek pairatzen dutela uste dute, batez ere gazteek, hau da, 25 eta 45 urte bitartekoek. Nolanahi ere, gaitzak batzuei besteei baino gehiago eragiten die. Argi dagoena da banakoaren eta nortasunaren baitan omen dagoela. Beraz, nola egin aurre opor osteko nagikeriari, nekeari eta abarri? Batzuk botika eta antsiolitikoei heltzearen aldekoak dira; beste batzuek, ordea, aurrera egiten diote, hurrengo oporrak antolatzen hasiz, eta zer egiten dut nik? Egunerokoa oporretan banengo bezala bizitzea aukeratu dut, poz-pozik, datozen arazo eta zailtasunekin. Orain, zure txanda. Zer aukeratzen duzu zuk?