Urteak pasa ahala, alferrago sentitzen naiz

Erabiltzailearen aurpegia Alina Ahtamon 2019ko urt. 18a, 08:30

Atzo, lan egiten dudan eta isolatuta dagoen Txileko herri txiki honetan, 86 urteko emakume bat izan nuen paziente. Emakumeak infekzio txiki bat zuen eskumako oineko azazkal batean. Lehenik eta behin, anestesia apur bat jarri nion eta minutu batzuk itxaron behar izan nituen anestesiak bere efektua egin zezan. Bitartean, adineko emakume horrekin hitz egiten hasi nintzen.

Alarguna dela kontatu zidan, 7 ume izan zituela, horietako 3 hirukiak direla eta orain bakarrik bizi dela, bere seme-alaba guztiek euren familiak dituzte eta. Hala ere, egunero-egunero bere baratza eta animaliak zaintzen dituela esan zidan eta horrek oso lanpetuta mantentzen duela. Anestesiaren eraginpean, baina nik azazkalean bisturia sartu baino lehen, emakumeak hitz hauekin laburtu zuen bere istorio polita, gaztelaniaz: “Tanto que he hecho en mi vida y ahora ya no sirvo para nada, soy una inútil”. Izoztuta geratu nintzen, hori zergatik esaten zuen ulertu ezinda. Dena dela, ez da esaldi hori entzuten dudan lehenengo aldia. Zahartzen ikasi behar dugula uste dut, eta gure nagusiak baloratzen eta zaintzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!