Gainera, horretaz aparte, ez dakizue zelako zaila den behiak edota ardiak agertzen badira autoaren aurrean. Beraz, horrelako egoeretan, ezin da 40 kilometro orduko abiadura baino gehiagoan gidatu. Abiadura motela litzateke zuentzat?
Baina, zertarako horrenbeste presa? Nora ailegatu nahi dugu bizitzan? Zergatik ez geratu, edo motelago ibili, behiak edota ardiak pasatzen utzi, eta pasatzen diren bitartean abere horiez gozatu? Ez badakizue ere, isolatuta dagoen herritxoan arnasa hartzea erraz-erraza da, eta tomateak, tipulak, porruak, baratxuriak, azenarioak eta gainerakoek zapore eder-ederra dute.
Batzuetan, gizarteak, aurrera egin nahian, atzera baino ez du egiten. Gure aiton-amonak nola bizi ziren ahaztu zaigu. Ez gara kapaz euren bizimodua gure garapenera egokitzen. Batzuetan ez gara konturatzen abiadurak zelako kaltea egiten duen. Garapena baliotsua da, baldin eta bere kurtso naturalari jarraitzen badio. Ariketa bat proposatzen dizuet: astean behin behintzat, gelditu zaitezte, pentsatu zer forma daukan gure Lur planetak, nortzuk zareten, zer nahi duzuen bizitzan, zein izango den zuen abiadura errepidean behiak edota ardiak agertzen direnean... nik jada sei hilabete daramatzat hori egiten.