Ziklista Gino Mader suitzarra zen. Ama helmugan zen, semearen zain. Gerora, elkarrizketa batean, goizetik gehiago urduri zegoela aitortu zuen, barruan zerbait sentitzen zuela. Errua inorena ez zela izan esan zuen, eta semearen patua idatzita zegoela. Maderren lankide askok buruari buelta asko eman zioten, arriskatzeak hainbeste merezi duen pentsatuz, bizitza aitaren batean amaitu daitekeelako. Pelotoian maitatua zen Gino Mader. Eskuzabala, aldarte onekoa eta konprometitua. Behin, Bilbon zegoela, galduta zebilen txakur bat hartu eta etxera eraman zuen. Pello Bilbao taldekide eta laguna izaki, gernikarraren izena jarri zion txakurrari. Lasterketa guztietara berarekin eramaten zuen. Maderren omenez, Suitzako Tourrean sekula ez da 44 dortsala gehiago erabiliko. Ziklismoak berea du arriskua, saihestu ezina da eta norberak erabaki behar izaten du zenbat arriskatzeko prest dagoen. Hildako ziklisten zerrenda luzea da: Fabio Casartelli, Andrei Kivilev, Wouter Weylandt, Michele Scarponi, Bjorg Lambrecht… Aurten, zorionez, ez da gertaera lazgarririk izan baina erorikoak trumilka izan ditugu. Euskal Herriko Itzulian ikusi eta bizitakoa nekez ahaztuko dugu. Laugarren saioan, Olaetako jaitsieran hotzikara eta izua sentitzeko erorikoa izan zen. Irudia, lehergailu bat bota ostekoa. Ziklistak lurrean, batzuk isilik eta beste batzuk aieneka: Vingegaard, Jay Vine, Stef Cras… ikaratzekoa. Barrua astintzen du halako jazoera batek. Zorionez, ez zen hildakorik izan patuak hala nahi izan zuelako.