Itzuli da iraila, eta berarekin batera iratzargailuaren dantza. Oinetako azazkalei pintura kentzeko unea. Ilea erortzeko sasoia. Izotzik gabeko kafe beroa eta afaltzeko pureak. Sofa eta manta. Kiroldegirako buelta. Datek hala aginduta, bete da beste urte batez hustuta egon den herria. Itzuli da jendea, kotxeak eta zarata kale isiletara. Gaur, plazan elkartu dira denak.
Europan zehar ibili da lehena, mendi ikusgarrien barrenean. Atrakzio parke handietan gora eta behera. Lakuetan bainatu, zenbait hizkuntza entzun, bizikletan ibili eta bigarren etxea duen autokarabanan lo egin. Hilabete inguru eman du kanpoan, gurasoen oporraldia. Urteroko bidaia, urteroko destino ezezagun batean.
Herriko kapitain zaindari izendatu dute bigarrena. Gustura aritu dira herriko ur-txorrotetan jolasean, jenderik gabeko herri hutsean ezkutaketetan. Uda herrian igaro duten haur sahararrak izan ditu lagun. Iazko udatik ezagutzen zuten elkar eta hurrengo udan elkartuko diren esperantzan, pena handiz agurtu dira abuztu amaieran.
Kanpinean igaro ditu bi aste hirugarrenak. Eta ondoren, nola ez, urteroko zita: familiaren herria. Bertan pasatu du gainerako oporraldia. Senideak ikusi eta urteroko udako kuadrillarekin ibili. Herri txikiko jaiak, igerilekuan jauziak eta errekako harri jaurtiketak. Nostalgia handiz hurrengo urtera arte agurtu ditu kuadrillakoak.
Herriko plazan daude hirurak, elkarren gogoz zeuden. Elkarrekin egon, jolastu, maltzurkeria bat edo beste egin eta ikasturte berriari ekiteko gogotsu daude. Haur askok bezala, itzulera eta eskolara joateko gogoa dute. Hala, ikastetxerako bidea hartu dute, lehen eguna. Galdetu diete ea nondik nora eta nola ibili diren udan.