Denen artean gogoeta egin zuten euskarari buruz. "Saio aberasgarria izan zen. Euskararen egoeraren ikuspegi osoago bat izateko eta aurrera begira landu beharreko eremuak identifikatzeko balio izan zuen", adierazi du Oihane Irastorza alkateak.
UEMAtik euskara teknikari bat bertaratu zen eta berak gidatu zuen saioa. Lehenengo, euskararen erradiografia orokorra egin zuen, Euskal Herriko eta eskualdeko datuekin. Ondoren, Izurtzan zentratu ziren. Udalak egindako inkestan jasotako erantzunekin eta saioan bertan herritarrek plazaratutakoekin, hainbat ondorio atera zuten; esaterako, kontzientziazioan eragiteko premia, batez ere nagusien artean eta aisialdi guneetan. Izurtzan euskara jakintza maila handia den arren, plaza inguruan batzen diren heldu askok gaztelaniara jotzeko joera dutela plazaratu zen batzarrean.
Batzarrean jasoriko iritziak euskara bultzatzeko plan estrategikoa diseinatzeko erabiliko dituzte.