Izurtzako Udalak euskara sustatzeko plan estrategikoa diseinatzeko prozesua hasi du. Une honetan euskararen egoeraren diagnostikoa egiten dabil. Ahalik eta azterketarik osatuena izan dadin, herritarrak diagnostikoko parte izatera gonbidatu dituzte, etxerik etxe zabalduriko galdetegi baten bitartez. Hurrengo pausoa herritarrekin saio zabal bat egitea da, baturiko informazioa landu, plangintzaren estrategiak zehaztu eta ekintza posibleak identifikatzeko. Saio ireki hori datorren asteko martitzenean egingo dute, otsailak 4, 18:00etan, Izurtzako erabilera anitzeko aretoan.
Etxerik etxe banaturiko galdetegian, udalak plan berriaren arrazoiak esplikatzen ditu. Kaleko eta etxeko erabileraren jaitsiera "nabarmena" izan den arren, izurtzarren % 74k euskaraz dakitela eta herrian "hizkuntza nagusia" izaten jarraitzen duela esan dute. Hala ere, azken urteetan gizartean eta bizimoduan izandako "aldaketa handiek" hizkuntzari "zuzenean" eragiten diotenez, euskara sustatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du udalak. "Erakundeok ere badugu zer egin: euskaraz egiteko aukera zabaltzea eta bultzatzea, eta erraztasuna ematea herritar eta eragileei", zehaztu dute. Diseinatzen dabiltzan plan berriak konpromiso horri erantzuten dio.
Galdetegiari dagokionez, besteak beste herriko euskararen erabileraren inguruan galdetu diete herritarrei, indarguneei eta ahulguneen inguruan; baita erabilera sustatzeko landu beharko liratekeen esparruei buruz ere. Herritarrek aste honetako eguaztenera arteko epea izan dute erantzuteko.
'Aroa' plana
Udalak Aroa plana hartu du oinarri Izurtzako plana egiteko. Aroa datorren hamarkadan euskara indarberritzen jarraitzeko Eusko Jaurlaritzak onarturiko marko estrategikoa da. Marko horren barruan, euskararen arloko planak aurrera eramateko metodologia bat landu eta udalerrietara bidali du, gero udalerri bakoitzak bere errealitatera egokitu dezan.