Plaza eraberritu, izaera polifazetikoari eutsita

Joseba Derteano 2024ko uzt. 15a, 08:00

Izurtzako plaza eraberritzeko egitasmoa aurrera doa apurka. Lehenengo pausoan, udalak batzar zabalak egin ditu herritarren iritzia eta beharrizanak jasotzeko. Batzar horien ondoren, exekuzio proiektua idaztea izango da hurrengo pausoa.

Izurtzako Udalaren ibilbide orria aurrera doa apurka-apurka, plaza eraberritu eta berrantolatzeko. Udalak gaur egungo beharrizanetara egokitu gura du. Egitasmo horren barruko lehenengo urratsa batzar zabalak egitea izan da, egitasmoa herritarrei aurkeztu eta euren ideiak jasotzeko.

Lehenengo batzarra apirilean izan zen, erabilera anitzeko eraikinean. Orduan entzun eta jasotakok aintzat hartuta, aurreproiektu bat landu eta beste herri batzar batean aurkeztu zuten, ekain amaieran. Herritarren feedback berria jasotzeko eta egitasmoa fintzen jarraitzeko baliatu zuten herri batzarra.

Izaera polifazetikoa

Filosofia orokor modura, plazak orain duen "izaera polifazetikoa" mantentzea eskatu dute izurtzarrek, Oihane Irastorza alkatearen esanetan. Hau da, egoki ikusten dute bestelako osagaiekin batera ekimen desberdinak hartzeko balioko duen espazio lau bati eustea. Esaterako, jaietako dantza saioa hartzeko. Oraintsu izan den Izurtzako Aste Kulturalaren barruko antzerki saioa ere plazan egin dute.

Bestelako osagaiak

Plazako beste eremu batean estalpe bat egiteko asmoa dago, eta plaza eraberrituak umeen parkea ere izango du, gaur egungoak legez. Horrez gainera, plaza naturalizatzea da beste helburuetariko bat, zuhaitzak eta berdeguneak izango dituena. Azkenik, plazako sarrera-irteerak hobetuko dituzte.

Plaza eraberritzeko egitasmoaren barruko hurrengo pausoa exekuzio proiektua idaztea izango da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!