Zelan alkate karguan?
Aurretik zinegotzi aritu naiz, zortzi urtean, eta ezagutzen nuen udaleko lana. Baina alkate lana beste gauza bat da. Ildo horretatik, eskerrak eman behar dizkiot Lorea Muñoz aurreko alkateari, beti laguntzeko prest egon delako. Lantzean behin udaletxera etortzen da eta asko estimatzen dut bere laguntasuna. Alkate lana ez da lan erraza, egin beharreko gauza asko dagoelako egunerokotasunean. Baina baditu alde onak ere. Herritarrekin beste erlazio bat sortzen da. Beti oso modu onean hurbiltzen zaizkit. Beraz, erabaki asko hartu beharreko lana den arren, hartu-eman aldetik asko ematen du.
Legegintzaldira begira, zeintzuk dira erronkak?
Izurtzan erronka berdinekin jarraitzen dugu azken hamarkadetan, batez ere gai bitan: etxebizitza eta errepidea. Urtero-urtero modu transbertsalean lantzen ditugun gaiak dira. Ez ditugu baztertu, baina ezin gara horretan bakarrik zentratu. Horregaitik, legegintzaldi honetan plazan dugun espazioari etekin handiagoa atera gura diogu. Proiektu hau puntu garrantzitsua izango da datozen lau urteetarako. Santo Tomas parkeari dagokionez, jende askok erabiltzen du eta batzuetan arazoak izan ditugu hondakinekin. Parke hori eraberritzea gura genuke. Bestalde, aparkalekuan ibilgailu elektrikoentzako kargagailuak ipini gura ditugu.
Aurrekontuak lantzen zabiltzate. Zein aurreikuspen duzue 2024rako?
Oraintxe gabiltza aurrekontuak lantzen. Udal gobernu legez prestatu dugu proposamena. EAJko zinegotziekin berba egin dugu dagoeneko. Herritarrekin ere batzartu gara euren ideiak, proposamenak eta kexak jasotzeko. Abendu erdirako lehenengo onespena plenotik pasatzea gura genuke. 157.000 euro inguru ditugu inbertsioetarako.
Zein izango da inbertsiorik handiena?
Tabernako sukaldea berriztea obra handia izango da eta 2024rako aurreikusi dugu. Etxe bateko sukaldea zen eta orain profesionalizatu egingo dugu. Gasen irteera eta horrelakoak egokitu behar dira eta horrek bere kostua du. Bestalde, 2024an plaza eraberritzeko proiektua zehaztu gura dugu, 2025ean exekuzioagaz hasteko.
Tabernak zein garrantzia du Izurtzan?
Bai taberna eta baita medikuarena ere Izurtzako herritarrak elkartzen diren gune bi dira. Tabernaren kasuan, zarratuta egon denean asko igarri da. Herrian bizia falta zen, eta tabernak horixe egiten du, herriari eta plazari bizia eman.
Mugikortasuna gai garrantzitsua da Izurtzan. Aldundiak semaforoak ipini zituen. Trafikoaren abiadurak arazo izaten jarraitzen du?
Arazoa da errepidea herriaren erdi-erditik pasatzen dela. Irtenbidea saihesbide bat egitea izango litzateke. Urteetan eskatu dugu, baina Bizkaiko Aldundiak ez du begi onez ikusten. Udalak, urteetan, proposamen bat baino gehiago egin du eta Aldundiaren erantzuna semaforoen bitartez abiadura kontrolatzea izan zen. Ez da guk eskatu genuen aukera, inondik inora. Guk hobeto irizten diogu radarrak ipintzeari herriaren sarreran eta irteeran. Mañaria ere hartu ahalko lukete, hori Mañariko Udalaren gaia den arren. Aldundiak ez ditu radarrak aurreikusi eta semaforoekin geratu gara.
Semaforoekin konpondu da trafikoaren abiadura arazoa?
Momenturen batean igartzen da zeozer. Baina konturatu gara azken denboraldi luze batean gidari askok ez dituela semaforoak errespetatzen. Terrazan jesartzea besterik ez dago hori ikusteko. Batez ere, lehenengo semaforoak ez dituzte errespetatzen, Durangotik etorri zein Mañaritik etorri. Eta goizeko lehenengo orduan Gasteizera doazen ibilgailuekin, zer esanik ez. Horregaitik, udalak idatzi bat prestatu du eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailera bidali dugu gaiaren berri izan dezaten. Dugun arazoa jakin dezaten da gure helburua, kontrol hori eramatea euren ardura delako.
Azken urteotan ez da ezer eraiki Izurtzan. Arlo horretan zein helburu duzue?
Esan dudan moduan, etxebizitzaren erronka legegintzaldi honetako handienetarikoa da. Geroago eta biztanle gutxiago gara, geroago eta nagusiagoa. Etxebizitzaren gaia urgentzia bat da, beti. Lehenago, lehiaketa publiko bat egin zen proiektua zehazteko. Proiektu batek irabazi zuen eta proiektu horren barruan etxebizitza horiek eraikitzea irten zen lehiaketara. Inor ere ez zen aurkeztu eta udalak proiektu hori egungo beharrizanetara egokitu zuen. Udalak behin baino gehiagotan egin behar izan du hori. Hori eginda, udala zuzenean promotoreekin kontaktuan ipini zen zer egin zitekeen jakiteko. Herri txikia da eta hamabi etxebizitza dira, tasaturikoak. Etekin gutxi ateratzen diete, eta promotoreen aldetik ez dugu baiezkorik izan. Bestalde, kooperatiba bat sortzeko proiektu interesgarri bat etorri zitzaigun orain urte bi inguru. Hartu-eman handia izan genuen eurekin, lursail publiko bat izanda baldintza batzuen barruan eraiki behar delako. Oraingoz hortxe geratu da, eurekin ikusteko ea bideragarria den. Oraingoz puntu horretan gaude. Aurrekontuak behin lotuta, gai honegaz lanean jarraituko dugu.
Non dago etxebizitzak eraikitzeko lursail hori?
Frontoiaren atzeko aldean dagoen lursail bat da. Eremu hori udaletxearena da. 12 etxebitza eraiki gura ditugu eta lonja bat udalarentzat izango litzateke, bere beharrizanetarako.
Badago eskaririk hamabi etxebizitza betetzeko?
Orain dela urte batzuk zerrenda bat egin zen. Kontua da harrezkero pertsona askok euren bizi proiektua egin dutela, ezin zirelako zain egon. Hala ere, ezagutzen dut jendea hemengoa dena edo Durangon bizi dena gustura etorriko litzatekeena Izurtzara bizi izatera. Ez dut uste arazorik izango genukeenik, ez guk ez promotoreek, jendea ekartzeko. Herri txikia da, Durango bertan daukazu, beste erritmo bat da. Ez daukagu zerbitzurik, baina Durango bertan dago. Beraz, alde horretatik jendea gustura etorriko litzateke.
Mediku zerbitzurik barik egon zarete denbora batean. Gai hori zertan da?
Guk ez dugu eskatzen beste herriek ez duten zerbitzurik. Denboraldi luze bat daramagu arazoekin, ez da gai berria guretzat. Baina azken hileetan herritarrek "honaino!" esan dute. Mañarian eta Izurtzan denbora luzea daramagu esaten ezin dugula horrela jarraitu. Udako oporretatik medikurik barik gaude. Ez da fundamentua telefonoz deitu eta erizainagaz berba egitea. Izurtzan eta Mañarian, aplikazioan sartzen bagara, erizainagaz hartu behar da txanda. Ezin da zuzenean medikuagaz hartu. Erizainak deitzen du eta berak baloratzen du egoera. Osakidetzaren erantzuna beti izaten da pertsonal falta dagoela. Ez diote inoiz konponbiderik emango? Herri txikiok irteten gara beti kaltetuen. Oraingoan ematen du aste honetatik aurrera osasun zerbitzua ohiko ordutegian ematen hasiko direla.
Kontsultategiak zein ordutegi izaten du?
Familia medikua eta erizaina egunero egon beharko lirateke 12:30etik 13:30era. Ordubete edo ordu eta erdi izaten da. Pandemia ostean kontsulta presentzialak beharrezkoak direla esan genuen, eta astean egun batzuetan etortzen hasi ziren. Geroago, egunero etortzen hasi ziren. Baina oporrak heltzen direnean beti izaten dira arazoak, eta medikurik barik egoten gara. Baina hori Osakidetzako anbulatorio guztietan gertatzen dela uste dut. Pertsona nagusientzat, batez ere, etxean medikua izatea garrantzitsua da. Medikuak jarraikortasun bat badu, konfiantza ematen du, eta euskalduna bada, zer esanik ez. Medikurik barik egotea gogorra da nagusientzat, eta hori asko igarri dugu; azken batean, eurak izan dira mobilizatu direnak, nagusiak. Kexak aurkeztu dituzte anbulatorioan, bai Izurtzan eta baita Mañarian ere.
Arbizoleako industrialdeko epaiaren ebazpena zein egoeratan dago?
Bere garaian, Arbizolean urbanizazio lan batzuk egin ziren eta enpresa batek ordaindu zituen. Epai bat heldu zitzaigun, eta hor esaten zen beste enpresek euren gain hartu behar zituela kostu horiek. Udala interesatu lez sartu zen auzian, uste genuelako beste enpresei eskatzen zitzaiena ez zela bidezkoa. Hainbat errekurtso egon zen, eta azken epaiak arrazoia ematen dio enpresa honi, urbanizazioko diru hori jaso behar duela ebatzita. Udala erantzule egiten du enpresa bakoitzak ordaindu beharko lukeenaren kalkulu bat egiteko eta diru hori jasotzeko. Beraz, udalak azken urteotan birpartzelatze proiektu bat egin du bakoitzak zenbat ordaindu beharko lukeen jakiteko, eta orain dirua jasotzeko azken fasean gaude. Dirua jasotzen duenean, udalak epaia irabazi zuen enpresari emango dio.
Zeintzuk dira herri txikien zailtasunak?
Aurrekontuaren ehuneko handi bat egunerokotasuneko gastuetara joaten da, eta oso diru gutxi geratezn da inbertrsioetarako. Izurtzak soberakina dauka eta tiratu dezakegu, baina horretarako prozedurak asko mugatzen gaitu.
Izurtza oso sakabanatuta dagoen herria da. Errepidea, auzoak...
Herri txikia izateaz gainera, Izurtzak oso faktore bereziak ditu. Alde batetik bidea, eta bestetik auzoak. Baina jendea nagusia da. Horrek zaildu egiten du herriko bizitza egitea. Ohituta gaude auzoan edo baserrian ingurukoekin egoten. Jende asko ez da herrigunera ezertarako ere bajatzen. Badugu zentro bat, denentzako espazio bat, baina kostatu egiten zaigu bertara joatea, eta hori ere landu beharreko gauza bat da. Horregaitik, plazaren proiektua ere arlo horretatik bideratu gura dugu; ez bakarrik plazak itxura ona izan dezan. Izurtzako plaza, hormigoizko plaza handi bat izan beharrean, erakargarriagoa izatea da gure asmoa, herriko bizitza bultzatzeko.
Erabilera anitzeko espazio bat sortu zenuten Izurtzan. Ateratzen diozue etekinik?
Herriari bizitasuna emateko sortu genuen, pandemia sasoi aurrean. 2020an itxita egon zen eta 2021ean zabalik egon zen, baina muga handiekin. 2022an eta 2023an liburutegitik antzerkiak antolatzen hasi gara, eta beste jarduera batzuk egiten: UEMAtik datozen tailer batzuk, bilerak, gimnasia klaseak, batzarrak, eta ludoteka ere bai. Egiten dira gauzak, baina gehiago egin daiteke eta hori udaletik bultzatu gura dugu.