Epai batek bertan behera utzi du Izurtzako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra

Anboto 2017ko urt. 19a, 17:54

2010etik lantzen zebiltzan eta Aldundiaren onarpena zuen. Berriro hasiko dute prozedura osoa. Gobernu Taldeak (EH Bildu) adierazi du epaiarekin " ez datorrela bat". EAJk, aldiz, "EH Bildu gertatu denaren erantzule" egiten du.

2010etik hona datozen urteetara begirako Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria egituratzen jardun dute udalean. Behin Plana osatuta, Bizkaiko Foru Aldundira bidali eta hango onespena jaso zuen. Izurtza 2.000 biztanletik beherako herria denez Aldundiaren eskumena da azken baietza ematea. Baina herritar batek onarpen horren kontrako administrazioarekiko auzi-prozesua abiatu zuen eta iazko abenduaren 15eko epaiak arrazoia eman dio puntu batean.

Herritar horrek 11 puntutan banatu ditu Plana bertan behera uzteko arrazoiak.  Epaiak horietako bat onartu du eta parte hartze prozesuari dagokio. Planak osatzeko prozesu parte hartzaileen helburua herri eredua erabakitzea da. Aurreko plana eredu linealean oinarrituta zegoen, hau da, herria zeharkatzen duen errepidearen ingurukoa zen. Parte hartze prozesuaren ostean, “gehiengo zabal batekin” Plan berria eredu berri baten inguruan diseinatuta zegoen Beñat Mendiburu udaleko arkitektoaren esanetan: herrigunea, herriko erdigunea (udaletxea, plaza, pilotalekua eta bere ingurua), indartzea, Izurtzari falta zaiona horixe dela uste zutelako. Horren arabera diseinatu zuten Plana. Prozesu horretatik irtendako beste erabaki bat ere jasotzen zuen Planak: errepidea herri erditik igarotzea ekidingo lukeen saihesbidea. Handik denbora batera Aldundiko errepide sailak saihesbidea Planetik kentzeko eskatu zien, errepideen Lurraldekako Sektore Planean ez zegoelako sartuta. Eta kendu egin zuten. Aldaketa horrekin dokumentua berriro publiko egin zuten. “Legeak ezartzen dituen pausu guztiak eman genituen”, segurtatu du Mendiburuk. Ondoren etorri zen Aldundiaren onarpena.

Hemen dator gakoa. Epailearen arabera saihesbidea elemento estrukturala da. Hau da, herri guztia saihesbidearen baitan egituratzen da. Ondorioz, ez da nahikoa dokumento hori publiko egitea bakarrik, baizik parte hartze prozesu osoa berriro egin behar zen hasieratik. Udaletik helarazi duten oharrak kriterio horregaz “ ez datorrela bat” jasotzen du. Mendibururen ustez ere benetan elemento estrukturala herriko erdigunea da eta saihesbidea hori posible egongo lukeen aldagai bat da, beste batzuen artean: “Saihesbidea elemento estruktural moduan hartzeak ez du ez buru eta ez hankarik”.

Berriro hasieratik

Egoeraren aurrean aukera bi zituen udalak: Epaia Madrilgo Tribunal Gorenean errekurritzea edo Plana onartzeko prozedura hasieratik hastea. Bigarren aukera horren aldeko hautua hartu dute. Udaletik helarazitako oharrak dioenez, “udalak errekurritu beharrean, Plana berriro egiteari ekingo dio, Izurtzako herriaren etorkizunerako ezinbesteko tresna baita eta helegite batek herriari inolako mesederik egingo ez zion prozesu oso luze bati atea zabalduko ziolako”. Prozesua bere bidetik badoa urte bi eta erdian Plan berria onartu daitekeela uste dute.

EAJren kritika

EAJk gogor kritikatu du Gobernu Taldean dagoen EH Bilduren jarduna ohar batean: "Honen guztiaren erantzule egiten dugu". EAJren ustez "EH Bilduk arauen berrikuspenean egindako kudeaketagatik, azken 10 urteetan zehar egindako lana pikutara bidaltzen du". Berrikuspenaren kostua "256.000 eurokoa" dela dio eta "kopuru nabarmena da, are gehiago, 2016ko udalaren hasierako aurrekontua 640.000 euro izan zela kontuan hartzen badugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!