Munduko gazta sariketan parte hartuko du Garatek, lehenengoz

Joseba Derteano 2016ko aza. 9a, 09:30
Jesus Garatek izurtzan ekoizten du ardi gazta, Mugarra markakoa.

Donostiako Kursaal Jauregiak gaztaren inguruan munduan antolatuko den ekitaldirik garrantzitsuena hartuko du azaroaren 16tik 18ra: Euskadi-Basque Country Nazioarteko Gazta Jaialdia.

Ekimen horren barruan, munduko gaztarik onenak sarituko dituzte Munduko Gazta Sariketan. Durangaldeko ordezkaritza zabala izango da, eta Jesus Garate izurtzarra da parte hartuko duenetako bat. Aurtengoa txapelketa horretara aurkezten den lehenengo aldia izango da, eta “ilusioz” dagoela adierazi du. Bi ataletan aurkeztuko du Mugarra markadun gazta: ardi gazta onduaren atalean, eta gazta-ekoizle txikien atalean. Horrez gainera, gazta erakusketan ere parte hartuko du, postua jarrita.

Guztira, 3.000 gazta inguru aurkeztuko dituzte txapelketara, eta Garatez gainera, Durangaldeko beste hainbat ekoizle ere aurkeztuko dira: Atxondoko Joseba Baseta, Otxandioko Andoni Padilla, Abadiñoko Pedro Martin Unzalu eta Eli Ingunza (Unzalu-Ingunza Txori-Errota ondasun erkidegoa), Aitor Urien, Durangoko Itsaso Barrenetxea eta Iurretako Jaio anaien Jaio Gaztak S.L. izango dira.0

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!