Jesus Uriarte: “Gauez trintxerak egiten genituen, eta egunez lo”

Anboto 2016ko ira. 10a, 10:00

Domeka eguerdian, 13:30 bueltan, Jesus Uriarte omenduko du Izurtzako Udalak, herriko jaietako egitarauaren barruan. Izan ere, 100 urte beteko ditu astelehenean, hilaren 12an. Dimako Oba auzoan jaioa, Izurtzara ezkondu zen, eta bertan bizi da geroztik, Basterretxe baserrian. Burua argi dauka oraindik, eta kazetariagaz solasaldirako prest agertu da bere etxeko atarian. Pasadizo ugari du kontatzeko, eta tartean, Gerra Zibilean bizi izandakoak daude. Hala ere, berba gutxi egin izan du gaiaz orain arte, bere akordua ona ez den seinale. Memorian eraman du, eta lerrootan kontatzen ditu gertaera batzuk.

Domekako omenaldira joango da, baina umil hartu du eskaintza; ez du protagonista izan gura. 100 urtera ailegatzeko sekretu gutxi, gerrako eta gerraosteko bizimodu gogorra lanean eman duenaren begiradatik.

Gerra Zibilera joan zinen gaztetan. Baina, eraman egin zintuzten; zuk ez zenuen joan gura, ezta?
Nik zer gurako nuen, bada? Mekoletatik gora, basoan bidea egiten genbiltzan gerra hasi zenean. Otxandioko bonbardaketaren unean hantxe egon ginen. Gero, galbidera.

Gogorra izan zen, eta berba gutxi egin izan duzu horretaz orain arte, ezta etxekoekin ere...
Guretzat oherik ere ez zegoen. Langile taldeetan sartu gintuzten, frontean barik. Gauez trintxerak egiten genituen, eta egunez lo. Errekazabalen geneukan kuartela, eta hara erretiratzen ginen. Gauez, batean Otxandiora, bestean Durangora, bestean Eibarrera...  

Zure anaia bi ere egon ziren gerran, ezta?
Bai. Zaharrena, atzean zegoen; frontean barik, intendentzian. Gazteena bai, frontean ibili zen.

Gernika sutan ikusi zenuen.
Bonbardaketan zehar, Errekazabalen egon ginen. Hegazkinak pasatzen ziren, eta bota eta bota, ez ziren geratzen. Gauez pasatu ginen Gernikatik, baina barrura ez ginen sartu. Alboko herriren batean egon ginen trintxerak egiten. Gernika sutan zegoen. Ezin dizut esan barruan zer egon zen.

Kolpistak Otxandiotik sartu ziren. Ze akordu duzu?
Frankistak sartzean, harrapatutakoak Dimako abiazio eremura ekartzen zituzten, eta banaka hiltzen zituzten.

Geroago, preso hartu zintuzten, eta frankisten lan batailoietan aritzera behartuta egon zinen.
Batetik bestera eramaten gintuzten, eta, azkenean, Santanderren agertu ginen. Zezen plazan egon ginen, holantxik (eskuagaz ‘asko’ irudikatu du). Ez dakit zenbat denbora egon ginen han, eta gero handik atera gintuzten. Aranda de Dueroko kontzentrazio eremura bota gintuzten, lanera. Gero Bilbora eramango gintuztela esan ziguten, baina Zaragozan amaitu genuen, errepideak egiten. Eskerrak kapitain ona geneukala eta tratu ona ematen zigula; familia gorria zuela esaten zen. Anaiak ere preso zeuden. Hiruretatik bat libratuko zela esan ziguten, eta neu libratu nintzen. Etxean utzi ninduten, eta aita eta amari laguntzen hasi nintzen etxeko lanetan. Baina, anaiak etortzean, berriro ere eraman ninduten, falta zitzaidan denbora egitera.

Etxera bueltatzean, bizimodua aurrera ateratzen asmatu behar...
Etxera etorri nintzenean, ez zegoen lan handirik. Dimako errepidea konpontzen ibili nintzen, gero Lemoan blokeak egiten... 13 behargin ginen tailerrean, eta 11 pezeta kobratzen genituen. Tristea da gero! Lana amaitzean, Lemoatik Igorrera tranbian joaten nintzen, eta handik Obaraino (Dima) oinez. Hurrengo goizean, Igorreraino bajatu, eta tranbia hartuta lanera.

Izurtzara ezkondu zinen geroago. Zelan etorri zinen Dimatik hona?
Durangoko Kalebarrian bizi zen arreba, eta bertan egoten nintzen. Ortizenean egiten nuen lan, eta gero San Roken. Nire andrea agertu orduko, beste batek harrapatu gura ninduen. Orduko kontuak dira eta! Txakurzulo ingurura joan ginen ira ebagiten, eta bueltan, haregaz joan barik honegaz geratu nintzen. Bestea haserretu egin zen!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!