Izurtzako Jaiak 2016

Munduko janarien lehiaketa, nobedadea

Anboto 2016ko ira. 2a, 11:45

Aurtengo jaietako nobedadeetako bat zapatu honetarako prestatu duten munduko janarien lehiaketa izango da. Parte-hartzaileek gura duten platera prestatu ahal izango dute, eta irabazleak aukeratzerako orduan, sukaldaritzako dohainak ez ezik, plater horren jatorriari lotutako disfrazak eta atrezzoa ere kontuan hartuko da.

Orain arte, urtero, gisatu, paella edo marmitako lehiaketak txandatu izan dituzte. Aurten mundu osoko gastronomiari atea irekita aire berri bat eman gura diote ekimenari. Bigarren helburu bat errazten du erabaki horrek; partaideek aukera handiagoa izango dute mozorrotzeko. Izan ere, irabazlea erabakitzerako orduan plater bakoitzaren kulturari loturako disfrazak eta dekorazioa ere aintzat hartuko dira.

Sukaldariak epaimahai
Epaimahaia parte-hartzaileek eurek osatuko dutela da lehiaketaren beste kuriositateetako bat. Platerak kozinatu ondoren —12:00etan hasita— mahai bakoitzeko sukaldari bik besteek prestatu dutena probatu, eta janaria, disfrazak eta dekorazioa baloratuta hiru onenak aukeratuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!