Lehengo jolaslekuak hainbat urte zituen, jolas batzuk falta zitzaizkion, eta kolpeak malgutzeko jarritako zorua zaharkituta zegoen. Horregatik, gune berri bat egitea erabaki dute, eta abagune hori jolastokiari nortasun hezitzailea emateko aprobetxatuko dute. Nortasun berriko zutarriak natura eta irudimena dira. Alde batetik naturan ohikoak diren elementuak (harria, egurra, harea, loreak…) erabiliko dituzte jolasguneko gune desberdinak diseinatzeko: “Umeek naturagaz kontaktu zuzenagoa izatea gura dugu”, dio Lorea Muñoz alkateak. Aurreko jolaslekuko egitura batzuk ere berrerabiliko dituzte. Bestetik, gaztetxoen irudimenerako erronka bat izan dadila gura dute. Guneek iradoki egingo dute, eta umeek imajinatu: “Aurreko jolasguneak ibilbide bera zuen beti, eta ez zuen gazteen irudimena sustatzeko aukerarik eskaintzen”. Proposamen berria Europan gero eta gehiago erabiltzen ari dela-eta, azken erabakia hartu aurretik hainbat eredu begiratu dituztela azaldu du Muñoz alkateak.
Proiektua gauzatzeko 26.600 euroko atala gorde dute aurrekontuetan. Hondeatzaileak martitzenean hasi ziren lanean, eta 15 egun barru zorua behar moduan jartzea itxaroten dute. Ondoren, egiturak jarriko dituzte.