Bertan behera utzitako zoruei dagokien plana onartu dute

Anboto 2016ko mai. 26a, 11:37

Iaz Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartu zuen udalbatzarrak. Behin betiko onarpena Bizkaiko Foru Aldundiak eman behar zion. Onartu zuen, eta indarrean sartu zen, baina Aldundiak, aldi berean, Planak jasotako gune batzuk bertan behera utzi zituen. Elizalde auzoan daude gune horiek.

Aldundiak zioen, legeak jasotzen dituen baldintzak kontuan hartuta, Planak ez zuela nahikoa justifikatzen zoru horiek hiri-lur mantentzea. Harrezkero, gune horretarako plana lantzen aritu da udala. Dokumentu berria pasadan asteko udalbatzarrean onartu zuten, gune horietako auzotar batzuek aurkeztutako alegazio batzuk partzialki gehituta. Gune batzuk hiri-lur lez mantendu —hau da, bertan eraiki egin daiteke— eta beste batzuk landa-lurzorura aldatu dituzte. Agiriari Aldundiak eman beharko dio azken baietza.

EAJ abstenitu egin zen bozketan. Jeltzaleek uste dute Gobernu Taldeak gehiago egin zezakeela  gune denak hiri-lur lez izendatuta geratu zitezen. EH Bilduren esanetan, denak hiri-lur mantentzea zen lehen proposamena, baina Aldundia izan zen hori atzera bota zuena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!