A-8ko auziaren gaineko mozio bana onartu dute

Anboto 2016ko mar. 9a, 10:33

Azken udalbatzarrean, A-8 autobideari buruzko mozio bana onartu zuten. Udalbatzarra osatzen duten alderdi biek, EH Bilduk —Gobernu Taldea— eta EAJk mozio bana aurkeztu zuten.

Nork berea babestu zuen, eta bestearenean abstenitu egin zen, eta, ondorioz, biak aurrera irten ziren. Edukian baino, mozioen idazkeran zeuden diferentzia nagusiak.

EH Bilduren mozioak jasotzen duenez, gaur egungo egoerak “diskriminazio bidegabea dakarkie Durangaldeko herritarrei”, eta Aldundiari hori onartzeko eskatzen diote. Horren aurrean, aipatutako egituraren mantenua Durangaldeko eta Lea-Artibaiko bizilagunak “diskriminatuko ez dituen finantzaketa-sistema baten bitartez” egiteko eskatzen dute.

EAJren mozioak dio A-8a N-634aren alternatiba gisa erabiltzeak “gastu handia” dakarkiela Durangaldeeko erabiltzaleei: “Aldunditik beherapen batzuk jarri ziren arren, hauek berrikusi eta hobetu beharko lirateke, dela hobariak aplikatuta, dela bide alternatiboak hobetuta edo bestelako proposamenak bideratuta”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!