Plaza ondoan dagoen eraikinaren teilatua konpontzea izango da Izurtzako aurtengo inbertsio nagusia

Anboto 2016ko ots. 25a, 10:01

Izurtzako zinegotziak, bozketako momentuan.

Joan zen barikuan 2016ko udal aurrekontuk onartu zituzten, Izurtzan, Gobernu Taldearen (EH Bildu) aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen.

2015ean ez zuten aurrekonturik onartu, eta 2014tik luzatutakoekin aritu ziren. Aurten, 639.700 eurotan parekatu dituzte sarrerak eta irteerak. Inbertsioetan, nagusiki, Tokiko Agenda 21ean herritarrek plazaratutako beharrak jaso dituzte, Iker Ballarin Gobernu Taldeko zinegotziak adierazi zuenez.

Inbertsioetako 36.500 euro plaza ondoko eraikineko teilatua konpontzeko erabiliko dute “filtrazioak” daudelako eta, oro har, ez dagoelako egoera onean, Lorea Muñoz alkatearen esanetan. Eraikin horretan osasun zentroa, Argintxu elkartea eta jubilatuen elkartea daude, esaterako. Beste 25.600 euro Santo Tomaseko parkea konpontzeko gorde dituzte. Txintxaunak berriztu, eta behealdean babeserako zorua jarriko dute. Herriguneko plazan dauden txintxaunak, aldiz, bi-hiru metro erdirantza mugitzea da asmoa, plazarik tunelerako pasabide zuzenagoa geratu dadin.

Elizaldeko alde batean, ur azpiegituraren hoditeria nagusia aldatuta dago, eta aurten, hodi horretatik etxeetarako harguneak egitea gura dute.

EAJren abstentzioa
EAJk bere abstentzioaren arrazoiak eman zituen. Besteak beste, aurrekontuak osatzeko aurrelanik ia ez dela egon azaldu zuen Oskar Zarrabeitia zinegotziak. Aurrekontuak eztabaidatu zituzten Ogasun Batzordea udalbatzarraren aurrekoan egunean egin zutela kritikatu zuen. Gainera, urteko aurrekontuak ez ezik, legegintzaldi osora begirako plangintzak landu beharko liratekeela adierazi zuen. Esaterako, azken urtean Izurtzako populazioa %6 jaitsi dela adierazi zuen eta horri aurre egiteko planen beharra azaldu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!