Biomasa bidezko berokuntza sistemaren proiektua aurkeztuko dute

Anboto 2016ko ots. 23a, 10:00

Berotasunaren kudeaketari dagokionez, udaletxea bera eta beste zerbitzu batzuk (taberna, liburutegia…) hartzen dituen eraikina orain artekoa baino eraginkorragoa izateko pausoak ematen ari da udala. Esaterako, orain ez du berokuntza-sistema zentralik, eta biomasa bidezko bat jartzeko proiektua amaituta dago. Joan zen astean jaso zuten txostena. Sortutako beroari  luzaroagoan eusteko gomendioak ere jaso dituzte.

Egun, udaletxearen arkupeko goialdetik galtzen da gehienbat berotasuna, adituek jakinarazi dietenez. Gune hori material egokiekin isolatuta, beroak luzaroago iraungo luke. Udaletxeko leihoak geruza bikoitzekoak dira, baina markoetatik joaten da beroa. Ildo horretako diru-laguntzak noiz irtengo zain daude eskaria egiteko.
Beraz, beroa ez galtzea da eraikina energetikoki eraginkorrago bihurtzeko modu bat. Baina, beroa sortzeko moduak ere zeresan handia dauka. Biomasa bidezko berokuntza-sistema zentrala jartzeko proiektua jaso dute dagoeneko. Aukera hori ekonomikoki bideragarria zaien jakiteko, diru-laguntza eskaerak egingo dituzte, eta ondoren erabakiko dute.

Udaletxearen atzeko aldean jarriko lukete galdara, hezetasunetik babestuko lukeen etxola baten barruan. Ohiko pellets materiala erosi beharrean, galdara berotzeko materiala udalaren jabetzako basoetan egindako entresaketatik ateratzea litzateke aukeretako bat.

Udal eraikinetako gela denetara ez ezik, pilotalekuko dutxetara ere helduko litzateke berokuntza-sistema zentrala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!