Termitek Izurtzako udaletxean eragindako kalteak konpontzen dabiltza

Anboto 2015ko aza. 17a, 13:38

Udaletxea dagoen eraikinak termitak ditu eta arazo horri aurre egiten ari dira, kaltetutako tokietan termiten kontrako tratamendua emanez eta egiturak berriztatu eta indartuz. Eraikinaren atzealdean aurkitu izan da termiten habia eta, ondorioz, gune hartan eragin ditu kalterik gehien: tabernako sukaldean eta etxebizitza bietan.


Tabernen eta sukaldean eman dute dagoeneko tratamendua eta berdina egingo dute etxebizitza bietan. Gaur egun, arazoa konpondu arte ez da inor bizi etxebizitza horietan. Oro har, eraikin osoan emango dute tratamendua. Ondoren, kaltetutako egiturak konponduko dituzte. Habi batzuk aldatu egin behar dira eta beste batzuk indartu.

Aurtengo irailean sabai aizunak kendu zituzten behealdeko egitura bistaratu zedin. Igeltseroen lanak amaituta, termiten tratamendurako enpresak egitura sakonean aztertu zuen —behealdekoa zein lehenengo pisukoa— eta tratamendu baten beharrizana beharrezko ikusi zuten. Arriskutsuak gerta zitezkeen guneak zurkaiztu edo habetu eta gainerako egituraren egoera aztertzen jarraitu zuten. Egiturako gune batzuk narriatuta zeudela-eta, udalak egitura indartzeko proiektua egitea agindu zuen. Proiektu horretako ekintza plana jarraitzen dabiltza egitura berreskuratu eta berriztatzeko.

Lan horiek amaitzeko 130.000 euro erabiliko dituzte. Arbizoleako urbanizazioa egiteagatik enpresetatik jasotako diru atal bat erabiliko dute horretarako. Joan zen asteko udalbatzarrean onartu zuten kreditu aldaketetako bat horixe izan zen. Beste hainbat ere onartu zituzten; guztira 212.619 eurotako kreditu aldaketak onartu zituzten aho batez EH Bilduk (Gobernu Taldea) eta EAJk. Esandako moduan, horietako 130.000 euro termitek eragindako kalteak konpontzeko erabiliko dituzte. Beste 30.000 euro Hiri-Antolamendurako Plan Orokorraren eskakizunetarako izango dira; 42.420 eurogaz udal eraikineko efizientzia energetikoa aztertuko dute eta biomasa galdera bat jartzea (orain ez dago berogailu sistema zentralik) da asmoa. Azkenik, 10.000 euro bideen gaineko inbentarioa egiteko inbertituko dituzte. Azken egitasmo hori Mañariko udalagaz batera egitea da asmoa, gastuak merkeagoak izan daitezen. Horiek horrela, behar zen diru kopurura heltzeko, udal kontuetako soberakinetik 5.100 euro bakarrik erabili behar izan dituztela azpimarratu zuten.

Udal kontuetako zein ataletatik berbideratu dute diru kopuru hori? Zatirik handiena, erdia baino gehiago, Arbizolea industriguneko urbanizazio kuotetatik dator. Aurten Garauntzako etxebizitzen exekuzio proiekturako gordeta zegoen dirua (27.711) ere gehitu diote. Udaletxeko terraza estali eta gela berri bat ateratzeko asmoa ere ez da aurten gauzatuko eta horretara bideratuta zeuden 10.000 euroak ere jaso dituzte. Santo Tomas inguruko parkea berriztatzeko gordeta zeuden 10.000 euroek ere berbideratu dituzte eta beste beharrizan berri horietarako erabiliko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!