Kontxi Azkonizaga: "Jatetxean asko gozatu dut nire lanagaz"

Anboto 2015ko eka. 11a, 16:30

Kontxi Azkonizaga jatetxearen aurrean.

Kontxi Azkonizaga ugazaba jubilatu ostean, Izurtzako Azkonizaga jatetxeak atea itxi zuen maiatzaren 31n. Amaiera jarri zion, horrela, 58 urteko historiari.  Eraikina osorik saltzen saiatu da, baina oraingoz ez du lortu.


Kontxik 51 urte eman ditu Azkonizagan lanean: “Jatetxea nire bizitza izan da. Baina asko gozatu dut beti nire lanagaz”, dio seguru. Azkonizaga taberna 1957an ireki zuten Kontxiren aitak eta amak. 1960ko hamarkadan jangela bat ireki zuten, eta bazkari-afariak zerbitzatzen hasi ziren. Harrobian lanean zebiltzanak ez ezik, jatetxea errepide ondoan dagoenez, autoen ohiko geralekua ere izaten zen: “Orduan ez zegoen autopistarik, eta askorentzat oporretara joateko igarobidea jatetxe ondoko errepidea zen”, gogoratu du

Kontxi Azkonizaga 1964an hasi zen jatexean lanean. 1987an, goiko jangela txikia ireki zuten, baina birmoldaketarik handiena 1992an etorri zen: eraikina eraberritu egin zuten teilatutik hasi eta sukalderaino, eta goialdean jangela handi bat ireki zuten: “Batzuetan, 300 laguni jaten eman ostean, jendea zain izaten genuen oraindik”.

Kontxik ez du jatetxean lan gehiagorik egingo, baina jatetxeak bere eguneroko pentsamenduetan jarraituko du. Izan ere, urte horietako guztietako bizipenak liburu batean batzeko asmoa du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!