EAJk gogor salatu zuen gobernu taldearen (Bildu) jardunbidea. Oskar Zarrabeitiaren ustez, kreditu aldaketen bidez 2015eko aurrekontuak “modu estalian” aurkeztu dituzte, eta, dagoeneko apirila denez, aurtengo aurrekontuaren zirriborroa non dagoen galdetu zuen. Batez ere, gobernu taldearen “formak” salatu zituen. “Ez ditugu Hirigintza Batzordean eztabaidatu; ez dugu ezer jakin Ogasun Batzordean azalpenak jaso arte. Ez diguzue parte hartzeko modurik eskaini”.
Luis Ballarin alkateak gogoratu zuen une honetan udalak ez duela idazkari kontu-hartzailerik, eta horrek ohiko funtzionamenduan eragin duela; baina, edozelan ere, “Aldundiaren oniritziagaz proposatutako kreditu aldaketak dira”, eta “aurrekontuen onarpenean diru atal horiek ajustatzeko aukera egongo da”. Era berean,“inbertsio posibleen berri izan duzue, batzuk zuek proposatutakoak dira, eta, gure ustez, ez duzue parte hartu herrian benetan garrantzitsuak diren hainbat gaitan”.