Bizkaibusen autobus zerbitzua "eskasa" dela dio gobernu taldeak

Anboto 2015ko ots. 10a, 10:02

Noranzko bakoitzean, hiru joan-etorri daude egunean, astegunetan.

Iazko abenduan Bizkaibusek martxan ipini zuen Izurtza eta Mañaria Bilbogaz –baita Durango eta Iurretagaz ere– lotzen dituen autobus zerbitzua. Hilabete bi joan dira ordutik hona, eta zerbitzuarekiko gobernu taldearen balorazioa ez da ona: “Zerbitzua eskasa da”, dio Luis Ballarin alkateak.


Alde batetik, autobus zerbitzua “astegunetan bakarrik” dagoela salatu du; zapatuetan, domeketan eta jaiegunetan ez dago zerbitzurik. Bestetik, astegunetan Izurtza Bilbogaz lotzen duen linea urria dela dio: “Noranzko bakoitzean egunean hiru autobus bakarrik daude”. Mañaritik hiru autobus irteten dira Bilborantz; bi goizetan, 06:40 eta 07:40an, eta bat eguerdian, 14:40an. Bilbo-Mañaria norabidean arratsaldetan dira hiru autobusak: 15:30, 18:30 eta 19:30. Zerbitzu hori ez zaio nahikoa iruditzen gobernu taldeari.

Zerbitzuan beste hutsune bat ere ikusten du. Autopista hartu aurretik, autobusa Iurretara eta Durangora sartzen da. Tarte horretan hiru geraleku daude –bi Durangon, bat Iurretan–, baina denetan ez dute uzten autobusera igotzen edo bertatik jaisten.

Udal gobernua “zerbitzu eskasa” salatzen dabil, eta herriko autobus erabiltzaileei ere dei egin die gobernu taldeak euren kexak Bizkaibusen jakinarazi ditzaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!