Ibilgailuen trafikoa handitzen duen erabakia kritikatu dute

Anboto 2014ko urr. 9a, 11:03

Hamabi metrorainoko ibilgailuak igaro daitezke Urkiolatik; lehen hamar metrorainokoak soilik. Luis Ballarin Izurtzako alkatearen berbetan, "atzerapausoa da; urtetan eskatu dugunaren justu kontrakoa ahalbidetzen du".

Bizkaiko Foru Aldundiko Errepide Sailak Urkiola mendatetik igaro daitezkeen ibilgailuen neurria handiagoa izatea baimendu du. Orain arte, gehienez hamar metrorainoko ibilgailuak bakarrik ibili zitezkeen. Orain, hamabi metrorainoko ibilgailuak baimendu dituzte.

Izurtzako eta Mañariko alkateek idatzi bat bidali dute Aldundira, neurri horregaz ados ez daudela adierazteko. Izurtzako alkate Luis Ballarinen esanetan, “atzerapauso” bat da. “Urteak dira herrigunetik igarotzen den trafiko emaria gutxitu dadin neurriak hartzeko eskatzen ari garena, eta Aldundiaren erabaki horrek justu kontrakoa ahalbidetzen du; arazoa handitu egingo da”. Gainera, “neurriak eragina izango duen herrietako udalekin kontsultatu gabe” hartu dute erabakia.

Bidalitako idatziak jasotzen duenez, “erabakiak eragin zuzena izango du herrien bizi kalitatean, herriguneetatik igaroko diren ibilgailu kopurua handituko duelako”. Eta “are larriagoa dena: orain arte mendatean gora joatea debekatuta zuten ibilgailu pisutxuak pasatuko dira” aurrerantzean. Gainera, mendatea jaisterako orduan, aldapa handiak daudenez, “trafikoa mantsotu” egingo dela dio, eta ibilgailu pisutsuek galgatzeko arazoak izan ditzaketela.

Harrobietako kamioiak
Trafikoari lotuta, Ballarin alkatearen berbetan, “azken aldian Mañariko harrobietara joan-
etorrian dabiltzan kamioien kopurua hazi egin da”. Kamioi horiek “gehiegizko abiaduran” ibiltzen direla salatu du, eta ez dituztela seinaleek ezarritako abiadura mugak errespetatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!