Izurtzarrek Agur sentitua eman zioten atzo Juan Luis Azkarragari

Anboto 2014ko ira. 9a, 10:42

Juan Luis Azkarraga (goian ezkerretara) Mendigain dantza taldeagaz.

Joan zen domekan hil zen Juan Luis Azkarraga izurtzarra 68 urte zituela. Mendigain dantza taldeko sortzaileetakoa izan zen eta baita udaleko zinegotzi ere hainbat urtetan.

 

Aparkalekuak autoz beteta eta bide bazter denak ere bai. Izurtzarrek agur jendetsua eta sentitua eman zioten Juan Luis Azkarragari atzo San Nicolas de Bari elizan egindako hileta elizkizunean. Amaieran, Azkarragaren hilkutxa Mendigain dantza taldeko  dantzariek egindako ohorezko pasillotik igaro zen txistularien doinupean. “Pertsona noblea zen, herrian maitatua eta beti edozertan laguntzeko prest zegoena”, Luis Ballarin alkatearen esanetan. Ez ziren falta izan sasoi bateko herriko alkateak ere, Karmelo Irastorza eta Juan Mari Alberdi, esaterako.

Herrigintzan zein kulturgintzan lan handia egin zuen Azkarragak bere bizitza osoan. 1967an Mendigain dantza taldea sortzeko lan egin zuen beste lagun batzuekin batera: ”Guretzako eta dantzarien belaunaldi askorentzako erreferente bat izan da”, adierazi du Etor Gorroño dantza taldeko kideak. Ondoren, dantza maisu lanetan jardun zuen eta 80ko hamarkadatik aurrera Mendigain dantza taldeko presidente izan zen urte askoan zehar. Horregaz batera, Izurtzako Udalean zinegotzi ere jardun zuen 80ko hamarkadako legegintzaldi bitan eta 90eko batean (1991tik 1995era). Kultura zinegotzia izan zen eta baita alkateordea ere.

Azkarragak parte hartze zuzena izan zuen gaur egun Izurtzako Udalak duen bandera ofizialaren sorkuntzan ere. 1994a zen eta dantza taldean egoteaz gainera zinegotzi lanetan ere bazebilen. Sasoi hartan, Izurtzak ez zuen udal bandera ofizialik, 1937an, Gerra Zibilean, galdu egin zelako. Dantza taldeak bere bandera zuen, dantza taldekoa. Azkarragak, beste batzuen artean, lan handia egin zuen dantzarien bandera hori Izurtzako Udaleko bandera ofiziala bihurtu zedin. Proposamena aho batez onartu zuen udalbatzarrak eta dantzariena zen bandera udalarena eta herri osoarena bihurtu zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!