Izurtzako jaiak

Izurtzako jaiak hasiko dituzte gaur

Anboto 2014ko ira. 5a, 11:20

Udaletxean piztuko duten txapliguak emango die hasiera jaiei gaur; 20:00etan izango da hori, triki-poteo batek lagunduta. Jaien lehen egunean, kontzertuak eta DJ saioak izango dira gaztelekuan 23:00etatik aurrera.


Zapatua sukaldarien eguna izango da: 12:00etan bakailao lehiaketa hasiko dute. Parte-hartzaileek bakailaoa prestatzeko modu bi izango dituzte aukeran: pil-pil era zein Bizkaiko era. 14:30era arteko tartea izango dute platerak amaitzeko. Ondoren, herri bazkarian batuko dira.

Irailaren 13an, berriz, tortilla lehiaketaren txanda izango da 19:00etan. Parte-hartzaileek ordu eta erdi izango dute tortilla aurkezteko; gero, herri afarian batuko dira izurtzarrak. Egunari Luhartz taldearen erromeriak emango dio errematea. Gainera, gau hori Mozorro Gaua izango da, eta herritarrei mozorrotuta joateko gonbita egin diete; gaia librea da. Zapatu horretan arrakasta handia izan ohi duen mendiko bizikleta martxa ere izango da 16:30etik aurrera. Aurten 23. aldia izango du, eta Durangaldeko hainbat bizikletazale batzen dira bertan.

Kirol ekitaldiei dagokienez, frontenis eta pilota partiduak ere izango dira jaietan, herriguneko pilotalekuan.
Irailaren 8an, aldiz, Erdoitza baselizan egingo den mezagaz hasiko dute eguna, eta, ondoren, dantza saioa izango da. Egun horretan, gaztetxoei begirako jolasak ere egingo dituzte arratsaldean, eta Potxin eta Patxin pailazoak euren abentura jostagarriekin helduko dira. Azkenik, antzerkizaleek Karrika taldearen Ilunpean lanagaz gozatu ahalko dute irailaren 12an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!