Urritasuna duten ume saharauiek aterpetxean emango dute uda

Anboto 2014ko uzt. 5a, 09:00

Monitoreen eta ume saharauien familia argazkia.
Tindufeko (Aljeria) desertuan kokatutako errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren hamar ume saharauik Izurtzako aterpetxean emango dute uda. Ume horiek urritasunak dituzte (Downen sindromea, autismoa eta buruko paralisia, esaterako). Ekainaren 26an etorri ziren, Rio de Oro-Durango ekimenaren barruan, eta abuztuaren 26an joango dira.


Iaz izan zen ekimenaren lehen aldia, eta “esperientzia pertsonal eta kolektibo atsegina izan zen umeentzat zein guretzat”, adierazi du Mikel del Arco antolatzaileetako batek. Horregatik erabaki dute ekimena errepikatzea. Iaz zortzi ume ekarri zituzten, eta aurten 7 eta 14 urte arteko hamar etorri dira; batzuk iazko berak dira. Ekimena aurrera irten dadin 60 monitore eta boluntario arituko dira lanean. Del Arcok boluntario horien lana azpimarratu du: “Iaz, umeak hemen egon ziren hilabete bietan lan handia egin zuten, baina aurten aurretik ere lan handia egin dute antolaketan; finantziazioa lortzen, esaterako”. Durangoko Udalak eta Herria elkartearen laguntza eskertu dute.


Udan hainbat irteera egingo dituzte. Durangoko igerilekura, hondartzara, inguruko jaietara eta umeentzako antzerki ikuskizunetara, adibidez. Era berean, aterpetxean berdegune bat daukate denborapasarako: txinboetan ibiltzeko eta futbolean jolasteko, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!