“Izurtzako beste bat lez tratatu gaituzte”

Anboto 2014ko eka. 24a, 12:01

Adin txikikoentzako aterpetxekoek eskerrak eman dizkiete herritarrei San Joan suaren bueltako jaian.

“Pertsonalki sinestezina izan da. Herriko beste bat lez tratatu gaituzte”. Asier Garcia Izurtzako adin txikikoentzako aterpetxeko begiralea izan da, eta emozioz egin du berba han bizitako esperientziaz. Astelehenean, San Joan suaren jaian, eskerrak eman gura izan zizkieten herritarrei, urteotan izandako tratuagatik. Udalari oroigarri bat eman zioten.

Garciaren esanetan, ez da erraza bizitakoa deskribatzea. “Lana zure bizitza da. Denbora gehiago zaude gazteekin zure familiagaz baino”. Zentroan hamar gazte egon dira azkenaldian, eta hile amaieran itxiko dute, kopuruak behera egin duelako. Gazteek badute leku berria, baina arazoa begiraleei sortu zaie, langabezira doaz eta. Aldundiak azpikontratatuta egon dira hamar begiraleak.

Oraingoez gainera, aurreko urteetan ere egondako gazteak hurreratu ziren asteleheneko jaira. Hamazazpi urte dauzka Brahim Manzouk, eta orain sukaldaritzako praktikak egiten dabil. “Esperientzia onerako izan da”. Bi urte eta erdi egin ditu Izurtzan.

Jaietan eta ekintzetan parte hartuz herrian integratzen saiatu dira, baina orain agur esateko ordua heldu zaie.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!