Saihesbidea plan orokorretik atera behar izan dute

Anboto 2014ko api. 23a, 10:46

Jaurlaritzak aldaketa estrukturalak ezarri dizkio Izurtzako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari. Esaterako, saihesbidea planetik atera dute momentuz.

 

Izurtzako udalbatzarrak iaz behin behinean onartu zuen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO). Ondoren, datozen zortzi urteetako herri antolamendurako gidalerroak jasoko dituen plan hori Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu Batzordera bidali zuten organo horren onespena jasotzeko. Organo horrek hainbat aldaketa ezarri dizkio Planari. Aldaketak estrukturalak dira eta, horregatik, aldaketa horiek HAPOan jaso ondoren berriro hasi dute udaleko prozedura. Martitzeneko udalbatzarrean HAPOa berriz behin behinean onartu zuten ezarritako aldaketak barneratuta. Gobernu Taldearen (Bildu) aldeko botoekin onartu zen; EAJ abstenitu egin zen.

Ezarritako aldaketen artean, herrigunetik trafikoa desbideratuko lukeen saihesbidea dago; proiektu hori, momentuz, kendu egin behar izan dute HAPOtik. Aldundiak dio proiektu hori ez dagoela jasota Lurraldekako Sektore Planean eta, ondorioz, Izurtzako HAPOan ere ezin daitekeela jaso. Beste aldaketa batzuk ere egin behar izan dizkiote HAPOari. Esaterako, Planak 90 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zuen (Garauntzakoez gainera), baina kopuru hori 45era jaitsi behar izan dute. Frontoia herrigunetik ateratzeko asmoa ere kendu egin behar izan dute momentuz.

Orain, HAPOa jendaurrean erakutsiko dute 45 egunez eta alegazioak egiteko modua egongo da. Horiek jaso eta aztertu ondoren, Planak berriro goragoko organoaren onespena jaso beharko du eta azkenik udalbatzarrak behin betiko onarpena eman beharko dio.

HAPOaren lehenengo bertsioa herritarren iritziak jasotzeko parte hartze prozesua gauzatu ondoren egituratu zuten. Orain aldaketa estrukturalak jasan dituenez berriro parte hartzea herritarrei ez zabaltzea zein bere sasoian osatutako aholku batzordera ez eramatea salatu zuen EAJko Oskar Zarrabeitiak: “Prozesu honen hasieran herritarren parte hartzea abiapuntu moduan ezarri bazen, uste dugu orain prozesu horri ez zaiola zor zaion begirunerik erakutsi”. Era berean, plana osatzerako orduan “nahia eta errealitatea” bereiztu ez izana salatu zuen: “Lurralde Antolamendu Batzordeak errealitate falta aipatu du aldaketak arrazoitzerako orduan”.  Luis Ballarin alkatearen esanetan, “HAPOa eta aldaketarik garrantzitsuenak udaletxean daude ikusgai gure duen edonorentzat”. Era berean, aipatu zuen aldaketa denak “inposatuak” direla eta “horren kontra ezin dugu ezer egin”. Gogoratu zuen HAPOa etorkizunean moldagarria dela eta, esaterako, Aldundiak saihesbidea Lurraldekako Sektore Planean barneratzen badu, ondoren berau HAPOra gehitzeko prozedura martxan ipini daitekeela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!