Udal eraikinen erabilpenerako ordenantza osatzeko ekarpenak jaso dituzte

Anboto 2014ko martxoaren 5a

Mendigain dantza taldeko, jubilatuen elkarteko eta Argintxu elkarteko ordezkariak batu ziren batzarrean
Atzo udalbatzar aretoan egindako herri batzarrean, udalarenak diren azpiegituren erabilpena arautzen duen ordenantza zirriborroa aurkeztu zieten bertaratutako elkarteei. Mendigain dantza taldeko, jubilatuen elkarteko eta Argintxu elkarteko ordezkariak batu ziren batzarrean.

 

Orduerdi eskas iraun zuen batzarrak eta ez zen eztabaidarik sortu. Ekarpen gutxi batzuk bakarrik. Dena dela, udal ordezkariek gogoratu zuten ordenantzak aurrera egiten duen heinean alegazioak egiteko epea bat ere egongo dela. Ordenantzak udalaren jabetzakoak diren eraikinak erabiltzeko arau orokorrak zehazten ditu hasierako puntuetan: zelan egin eskaerak, erabiltzaileen betebeharrak zeintzuk diren, baimenak zelan emango diren… Ondoren, artikulu orokor horien ostean, eraikin konkretu batzuen gaineko zehaztapenak jaso dituzte: zehazki gazte lokalekoek zein Mendigain dantza taldekoek erabiltzen duten eraikinaren eta jubilatuen elkartekoek erabiltzen duten eraikinaren ingurukoak.

 

Gazte lokaleko eta Mendigain dantza taldekoen erabilerarakoa den eraikinari buruz, ordenantza zirriboroak dio, lehenik eta behin, “udalak egoki ikusten dituen batzar, ekimen eta ekitaldi kulturalak garatzeko” erabili ahalko dela. Ondoren proposatzen du goiko solairua gazte lokalekoen ekintzetarako bideratzea eta beheko solairua dantza taldekoen eta gazte lokaleko kideen artean partekatzea. Mendigainek entseguetarako zein bere batzarretarako erabiliko luke eta gazte lokalekoek euren ekintzak garatzeko: ekintza kulturalak eta jaiei lotutakoak, esaterako. Ekintza denak amaitzean beheko solairuko espazioa libre geratu beharko da altzari eta tresneria denetatik.

 

Mendigain dantza taldekoen eskaera

 

Mendigaineko ordezkari lez, Oskar Zarrabeitiak positiboki baloratu zuen eraikinaren erabilpen konpartitua, baina gogoratu zuenez, “beheko solairuak gaur egun duen banaketagaz ezin dugu entsegurik egin, ez dago espazio nahikorik”: “Ez dugu inogaz gatazkarik sortu gura. Gaur egun, frontoian entseiatzen dugu eta aldageletan badugu gure gauzentzako espazio bat udalak utzita eta han pozik gaude. Bakar bakarrik udalari eskatzen diogu aztertu dezala ea posible den beheko solairuko banaketa berregituratzea, ez dagoelako entseiatzeko ezpazio nahikorik”. Bilduko zinegotzi Pedro Jose Jaiok adierazi zuen beheko solairuak erabilpen puntualak izango dituenez, gazte lokalekoen eta dantza taldekoen artean erabilpena adostea: hau da, nork zein egunetan erabiliko duen adostea. Zarrabeitia adostasun horietara heltzeko prest agertu zen.

 

Jubilatuen egoitza lez erabiltzen den eraikinari buruz, ordenantza zirriborroak proposatzen du “nagusiki, aisialdirako, nagusien ekintza kulturaletarako, batzarretarako, tailerrak prestatzeko, kirol arloko ekintzetarako (gimnasia), erakusketetarako eta antzekoetarako” erabiltzea. Ez dio Erdoitzako Ama jubilatuen elkarteari erreferentzia zuzenik egiten eta jubilatuen elkarteko ordezkari Karmelo Irastorzak eskatu zuen erreferentzia hori gehitzeko. Hau da, zehazteko nagusiki jubilatuen elkarteak bere ekintzetarako erabiliko duela eta ondoren bestelako ekintzak gauzatzeko ere erabiliko dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!