Azken udalbatzarrean 2014ko aurrekontu orokorrak onartu dituzte Gobernu Taldeak (Bildu) eta EAJk aho batez. Udal denei gertatzen zaien moduan, gastu mugaren legera egokitutakoak dira. “Gaur egungo egoera kontuan hartuta aurrekontu errealistak dira”, azaldu du Luis Ballarin alkateak. Inbertsioak bere osotasunean garatzen saiatuko direla azaldu dute. EAJ ere bat dator irakurketa horrekin “herriko beharrak betetzeko” aurrekontuak direla diote, “tarte txikia zegoen proiektu berriak proposatzeko”.
2014ari begira aurreikusitako gastuak 594.671 eurokoak dira; sarrerak, aldiz, 615.654 eurokoak.Inbertsioen poltsa 150.661 eurokoa da: Elizalde auzoko ur hornidurako azpiegiturak berriztatzeko (15.000 euro), auzoetarako bideen konponketarako (21.500), irisgarritasun lanak burutzeko (36.000), Hiri Antolamendu Plana amaitzeko (20.500), etxebizitzen proiektuko azterketetarako (13.600), Arbizolea industriguneko urbanizaziorako (22.000) eta azpiegiturak hobetzeko (22.000).
Herriko premia nagusi eta lehentasunak markatzerako orduan, bi nabarmendu dituzte Gobernu Taldeak zein EAJk. Batetik, EAJk azaldutako eskaerarekin adostasunean udal jabetzakoak diren lokalak erregulatzeko ordenantza diseinatzen dabil Gobernu Taldea. Udaleko lokalak herritar zein elkarte denentzako “atea irekita” daudela gogoratu dute. Baina gai honekiko herritarren zein elkarteen iritzia jasotzeko herri batzarra deitu dute datorren asteko martitzenean, 18:30ean, udalbatzar aretoan. Era berean gogoratu dutenez, Garauntzako etxebizitza berrietako lokal bat udalaren jabetzakoa izango litzateke. Alderdi bien lehentasunen artean etxebizitza proiektu hori gauzatzea ere badago. Bide horretan, proiektuarekiko interesa erakutsi dutenekin zerrenda definitiboa osatzeko epea ireki dute.